NAIZ

Astrabuduan 70 urteko emakume bat eta biloba etxegabetu nahi dituztela salatu dute

70 urteko emakume bat eta bere biloba astearte honetan etxetik bota nahi dituztela ohartarazi du Kontseilu Sozialistak eta hau gelditzen saiatzeko deialdia zabaldu, 09:00etan, Aldaieta Bideko 7. zenbakian.

Bilbon, duela hilabete, etxegabetze bat gelditzeko deitutako elkarretaratzean Polizia oldartu zen.
Bilbon, duela hilabete, etxegabetze bat gelditzeko deitutako elkarretaratzean Polizia oldartu zen. (Oskar Matxin Edesa | FOKU)

Astearte honetan Astrabuduan etxegabetze bat aurreikusia dagoela ohartarazi du Kontseilu Sozialistak. Bertan, 70 urteko eta % 69ko desgaitasuna duen emakume bat eta bere biloba kaleratu nahi dituzte. Horren aurrean, mobilizazioa deitu dute, 09:00etan, Aldaieta Bideko 7. zenbakian.

«Mailegu enpresa bati 7.000 euroko mailegua eskatu zion 70 urteko emakumeak etxea galtzeko arriskuan dago orain: etxerik gabeko familia bat gehiago eta etxebizitza huts bat gehiago espekulatzaileen esku», adierazi dute ohar baten bidez.

Azaldu dutenez, kaltetuari Tu mejor préstamo enpresak «iruzur egin zion duela 8 urte». «Enpresa mailegu-emaileak 7.000 euroko mailegua jasotzeko etxea abal gisa jartzera behartu zuen, eta kaltetuak ez ordaintzeak egin zituenean, etxegabetze-prozesu bati ekin zion», jakinarazi dute.

Hori dela-eta, orain, «sinatu zituen abusuzko klausulekin eta maileguaren interesak handitzen dituzten klausulekin, enpresa etxearekin geratu ahal izango da, nahiz eta kaltetuak duela 6 urte bere aurkako iruzurragatik salaketa bat jarri zuen, eta, horren ondorioz, prozesu judizial bat ireki den, gaur egun ere irekita mantentzen dena», adierazi du iturri berak. Honela, baieztatu dutene, «enpresak etxea bereganatu ahalko du nahiz eta justiziak iruzur bat dela ebatzi».

Kaltetuaren diru-sarrera iturri bakarra, alarguntza-pentsioa da, 700 € ingurukoa. Horregatik, azken bi urteetan hainbat aldiz aplikatu zaio moratoria. Kalteberatasunari buruzko azken txostena, ordea, kontrakoa izan da, eta horrek etxegabetzea exekutatzea ahalbidetzen du.

«Instituzioek oraingoz ez dute bermerik duen bizitegi-alternatibarik eskaini. Irailean, aldi baterako konponbide bat prometitu zioten kaltetuari, sei hilabeterako alokairua, etxebizitza sozialen promozio gehiago atera arte. Hala ere, gaur, etxegabetzetik bi egunera, kaltetuak hitzezko akordio bat besterik ez du: ez du ikusi eta ez daki zein etxe eskaintzen dioten, eta ez du kontraturik sinatu. Are gehiago, ez du inolako bermerik bere tresna pertsonalak eta altzariak etxe horretara eraman ahal izango dituenik», kritikatu dute.

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, horren aurrean, «proletalgoaren zaurgarritasun egoeraz baliatzen diren mailegu-enpresa horien izaera» salatu du. «Itxuraz errazak eta azkarrak diren kredituak eskaintzen dizkiete familia zaurgarriei, baina, beren etxebizitzekin negozioa egiteko iruzurra dira. Gainera, kasu honetan argi dago negozioak lehentasuna duela etxebizitzarako eskubidearen gainetik: familia zaurgarri bat bere etxebizitzatik kanporatua izango da, iruzurren bidez aberasten den mailegu-enpresa baten onura babesteko».

Horregatik, mobilizazioan parte-hartzera gonbidatu dituzte herritarrak.