NAIZ

LABek gutxieneko soldata 1.600 eurokoa izateko dagokion ardura hartzeko eskatu dio Confebaski

LABek agerraldi batean adierazi du Europako Karta Soziala aintzat hartuta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gutxieneko soldatak 1.600 eurokoa izan beharko lukela. Juridikoki bideragarria dela nabarmendu du eta Confebaski «dagokion ardura» hartzeko eskatu dio.

LABek agerraldia egin du astelehen goiz honetan gutxieneko soldata 1.600 eurokoa izan dadin eskatuz.
LABek agerraldia egin du astelehen goiz honetan gutxieneko soldata 1.600 eurokoa izan dadin eskatuz. (LAB)

LAB sindikatuak agerraldia egin du astelehen goiz honetan 1.600 euro azpiko soldatak ez direla «zilegi» eta ez direla bizitza duin baten berme aldarrikatzeko. «Euskal langileok premiaz behar dugu bertako Lanbidearteko Gutxieneko Soldata bat, eta badaude formula juridikoak bide hori eskuratzeko», azaldu du, Confebaskek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gutxieneko soldata propioa ezartzeko duen ardura azpimarratuz. Sindikatuak adierazi duenez, gutxieneko soldata ezartzeak 210.000 langileri eragingo lieke.

«Euskal Herriko langileontzat premiazkoa da lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioaren eraikuntzan urratsak ematea, eskumen berriak eskuratuz batetik, baina baita eskumen horien baitan eskuratu daitezkeen eskubideak eta hobekuntzak lortuz ere», azaldu du sindikatuak. Aipatu du Lakuako Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak onartu zuela EAEn gutxieneko soldata propioa behar dela, baina aitortzeaz gain «urratsak» galdegin dizkio sindikatuak Lakuari: «Lakuari dagokio patronalari honelako akordio baten alde egin dezala eskatzea».

Egun Hego Euskal Herrian ezarritako gutxieneko soldata «erabat askieza da bizitzaren kosteari aurre egiteko» sindikatuaren arabera. LABek gogoratu du Europako Karta Sozialak egindako gomendioa aintzat hartuz gero, batez besteko soldatak, gutxienez, batez besteko soldataren %60koa izan behar duela; alegia, 1.600 euro gordinekoa, 14 pagatan.

Zifrak ere jarri dituzte mahai gainean astelehen honetako agerraldian. Eta azaldu dute, EAEn gutxienez 210.000 langile daudela, soldatapekoen laurdena hain zuzen ere, 1.600 euro gordinetik beherako soldatekin, eta horietako 10etik 6 emakumeak direla.

Gutxieneko soldata adosteko akordioak nori eragingo liokeen azaldu dute sindikatuaren ordezkariek: emakumeen %28ari eta gazteen %42ari; migratu zein arrazializatuen artean zenbateko zehatza ez dutela aitortu dute, baina «ehuneko oso altu bati: Espainiako Estatutik kanpoko nazionalitatea daukaten langileen soldaten batez bestekoa 1.600 euroren azpitik dago», zehaztu dute. Nagusiki zerbitzuetako langileei eragingo liekela aipatu dute, eta «oso modu esanguratsuan nekazaritza eta abeltzaintzako langileei».

«Posible da»

Gogoratu dute juridikoki «posible» dela: «Langileen Estatutuko 83.3 artikuluak arautzen duen materia zehatzeko akordioaren bidez lan harremanak EAEn garatzen dituen langile orori aplikatuko litzaioke». Eta LABek adierazi du soldatak duintzea, zerga politikarekin batera, aberastasuna banatzeko gako nagusi bat dela, «Confebaskek ez dio uko egin soldatak hobetzeari, justizia sozial kontu bat da».

«1.600 euro azpiko soldatak ez dira zilegi, ez dira bizitza duin baterako berme. LABek akordio hori gauza dadin indar guztia jarriko du, langileak mobilizatuz, gainerako indar sindikalak borroka honetara batzeko lan eginez, eta baita materia zehatzeko akordioa gauza dadin negoziazio markoak bilatuz ere», aldarrikatuz amaitu du agerraldia sindikatuak.