Jon Ormazabal

Altuna: «Egunak eta egunak daude, beti sentsazio onekin arituko bagina, ez genuke hobetuko»

Finalerdietan hartutako kolpetik osatzeko terapia gisa hartu dute amezketarrak eta Erik Jakak igandean Zumarragan jokatu beharreko kontsolamendu finala. Aspekoak normaltasuna eman nahi dio ez ohiko egoerari, lizartzarra erantzunen bila dabil.

Asteburuko zauriak osatzeko baliatu nahi dute Altunak eta Jakak igandeko partida.
Asteburuko zauriak osatzeko baliatu nahi dute Altunak eta Jakak igandeko partida. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Ezohikoa arrunt egiten Jokin Altuna artista dela idatzi genuen orain dela astebete eta, igandean Lasoren aurka kaiolako finalerdia galduta, horretan jardutea dagokio; izan ere, Lau eta Erdiko azken zortzi finalak jokatu ostean, aurten hirugarren posturako lehia jokatu beharko du amezketarrak igandean Zumarragan Erik Jakaren aurka. Jasotako kolpearen mina ezkutatu gabe, egoerari normaltasuna ematen saiatzen da egungo txapelduna, egun hauetan Bizkarreta-Gerendiaingoak eta Peio Etxeberriak biziko dutenaren «inbidiaz». «Gauza ederra da bi aste hauetako entrenamenduetan duzun ilusioa, goizean esnatu eta buruan beste ezer ez izatea gauean oherakoan ere ez. Disfruta dezatela, merezi dute eta», azaldu du gaurko material aukeraketan.

Kontsolamendu final hauek ez dira oso gustuko platerak izaten, baina Altuna III.ak gogo handiarekin hartuko omen du Beloki pilotalekuko erronka. «Kolpea hartu izan dudanetan gustatu izan zait partida ahalik eta azkarren jokatzea; igandera arte itxaron ordez, partida asteazkenean balitz, gustura jokatuko nuen», adierazi du.

Aspaldiko sasoirik onenean, gustuko espezialitatean eta pilotaleku kuttunean, denak prestatua ematen zuen Jokin Altunak bere kaiolako bederatzigarren finala joka zezan, baina gauzak ez zitzaizkion espero bezala irten. «Barneratuta daukat finalerdi batean irabazi edo galdu ahal dudala; partida batera joandakoan aukerak %50ekoak izaten dira. Ez nintzen inola ere faborito sentitzen, baina kolpe eta min handia hartu nuen partidan inongo momentutan ez nintzelako eroso sentitu, ez nuelako kantxan batere disfrutatu, denbora guztian ezinean...», azaldu zuen. «Une batzuetan ematen zuen banuela harrapatzea, baina tantoak ez nituen erraz egiten, ez nion batere minik egiten eta pena hori badut, astean zehar oso ondo sentitu eta igandean ezin. Pena hartzen duzu, baina oso mentalizatuta joaten naiz halakoak edozeini gerta ahal zaizkiola», gaineratu du.

Astelenako partida ez du berriz ikusi, ezta ikusteko asmorik ere; izan ere, saketik hasita, dena egin omen zuen gaizki eta ondorio gutxi atera ahal omen ditu. Final eta partida garrantzitsu asko jokatutakoa izanagatik, «egunak eta egunak daude, eta beti sentsazio onekin eta gustura jokatzen arituko bagina, ez genuke  hobetuko. Lehengoan kolpea hartu nuen, gezurrik ez dut esango, kosta zait buelta ematea, baina gogo handiz nago aurrera begira», amaitu du.

Erantzunen bila

Ez zen txikiagoa izan Erik Jakak eramandako kolpea, eta iganderako gogo gutxiago erakutsi zuen. «Agian hemendik astebetera kristoren garrantzia izan dezakeen partida izango da, baina orain momentuan tramite moduko bat iruditzen zaigu pilotarioi partida mota hau».

Lizartzarrak argi dauka txapelketa honetan zerbaitek huts egin diola, baina erantzunen bila jarraitzen du. «Oraindik ondorio argirik atera gabe nago. Egia esan, ez dakit nondik eta nora alde egin zidan partidak, non galdu nintzen, esaten den bezala, diluitu egin nintzen eta ez zen izan nekearengatik, ez zen izan aurkariak sekulako erakustaldia egin zuelako. Peiok bere lana oso-oso ondo egin zuen, baina egoera zail batean jarri nuen 6-0eko horrekin, berak eutsi egin zion eta berak partidari buelta eman zionean nik ez nuen jakin egoera zail horri buelta ematen. Beroan ‘erridikulu’ hitza erabili nuen eta sentitu nuena hura izan zen», azaldu du Baikokoak.

Gauzak horrela, emaitzari baino, sentsazioei begiratuko die igandeko partidan eta berriz ere «lehiakor» izan nahi du Jakak. Izan ere, Binakakoa ere ate joka dago, lehia handia da enpresako aurrelarien artean eta «barruan egoteko esperantza daukat».