Asobal Ligak aurrera jarraitzen du, baina bertan lehiatzen dauden bi euskal taldeek begirada jar dezakete dagoeneko urteko lehen derbira. Izan ere, astearte honetan jakitera eman dute denboraldiko lehen derbia abenduaren 8an jokatuko dela, Iruñean, arratsaldeko 18.30ean.
Asteburu honetan 9. jardunaldia jokatuko da. Bidasoa ostiralean lehiatuko da, Artalekun, Guadalajararen aurka (20.00). Helvetia Anaitasunak, berriz, Villa de Arandari bisita egingo dio igandean (17.30). Momentu honetan gipuzkoarrak bederatzigarren dira sailkapenean, 9 punturekin eta Barça liderrarengandik bost puntura. Nafarrek lau puntu gutxiago dituzte eta 13. postuan daude.
Urteko lehen derbi honetara iritsi aurretik, bi taldeek hiru partida jokatu beharko dituzte. Aipaturiko asteburu honetakoaz gain, Bidasoa Irunek hirugarren postuan dagoen Granollersi bisita egingo dio hilaren 23an (19.00) eta benidorm jasoko du Artalekun hilaren 30ean (17.30). Gainera, multzoko liderra den EHF European Leaguen, beste bi neurketa jokatuko ditu multzo faseari amaiera emateko: Chrobry Glogowen etxean, hilaren 19an (20.45) eta Artalekun Ystadsen aurka, hilaren 26ean (20.45).
Dagoeneko Kopatik kanporatuta dagoen Anaitasuaren kasuan, iruindarrek Barça jasoko dute hilaren 23an (18.15) eta Huescara abiatuko dira abenduaren 1ean (20.00) azken sailkatuaren aurka lehiatzeko.