Mendi eta Eskalada Kirolen Espainiako Federazioari (Fedme) soilik eskaladako hitzordu bat falta zaio denboraldiari amaiera emateko. Eta hori hilaren amaieran izango da abiadura modalitatean antolatuko duen Espainiako Txapelketarekin.
Zailtasuneko probak amaituta, boulderrekoak ere bide berean jarri dira. Izan ere, iragan asteburuan, Jacan, azken hitzorduak jokatu ziren. Deialdia: Espainiako Txapelketa. Lehia garrantzitsu hori, gainera, Espainiako Kopako hirugarren probarentzat baliagarria izan zen.
Ohi den bezala, Hego Euskal Herriko bi mendizale federazioetako ordezkariek ez zuten hutsik egin. Aurreratu dugun bezala, txapelketan lortutako emaitzak koparentzat baliagarriak izan ziren. 18 eta 20 urtez azpikoen mailan daudenek aukera dute seniorren kategorian parte hartzeko. Eta horrek pixka bat itxuratu zuen maila horretako euskal lehiakideen kopurua. Eta hori diogu benetako senior bakarra Eneko Carretero izan zelako.
Zumaiarra espezialista dugu boulderrean, baina nazioarteko lehietan (jubenilen mailan batez ere) bikain aritzen den Guillermo Peinadok ez zizkion lanak erraztu Jacako proban. Azken honek irabazi zuen finalean hiru top sinatu eta gero. Bigarren sailkatuak bezala, Carreterok bi biribildu zituen, baina eremu gutxiago lortu zituenez hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuen.
18 urtez azpikoen kategorian, berriz, neskek final oso zaila izan zuten. Horren isla da irabazleak soilik top bat egin zuela. Maddi Agirrek bat bera ere ez, baina bigarren postuan sailkatu zen. Elur Arteaga (4), Intza Elizalde (6), Ainhoa Uskola (8) eta Asier Antunez (4) finalean izan ziren.
16 urtez azpikoetan, bi top-ekin Udane Mugika bosgarrena izan zen. Eta 14 urtez azpikoen mailan, Emma Hernandez laugarren eta Aiora Perez seigarren.
Kopan, urrea
Arestian aipatu dugunez, hitzordu garrantzitsu hori Koparen hirugarren eta azken probarako baliagarria izan zen. Seniorretan, Carreterok aukera handiak zituen erregulartasunaren zirkuituarekin egiteko. Izan ere, Cuencako lehen lehian bigarrena izan zen, eta Mostoleseko bigarrena irabazi zuen. Jacan, hirugarrena izan zen. Zumaiarra oso erregularra izan da, eta horrek Espainiako Kopa irabaztera eraman du.
Garaipen hori, gainera, agur batekin iritsi zen. Nahiz eta oso gaztea den (24 urte ditu), Carreterok iragarrita zuen lehiak utziko zituela. Eta hain zuzen ere, Jacakoa azkena izan zen. Lehia berezia bizi izan zuen; izan ere, senitarteko eta lagunak ondoan izan zituen, eta despedida hunkigarria egin zioten.
Gipuzkoarraren urreari beste hiru podium gehitu behar dizkiogu. 16 urtez azpikoen mailan, Mugika Espainiako Koparen behin betiko sailkapenean zilarra eskuratu du eta Allendek brontzea. Eta 18 urtez azpikoetan Agirrek brontzea lortu du.