Lesakako 56 urteko garraiolari bat hil zen astelehenean Irunen, kamioia kargatzen ari zela bihotzekoak jota. Transportes Etxetrans 2000 enpresako behargina zen eta bihotzekoak jota zendu zen, LABek jakitera eman duenez.
Azken honekin 11 dira aurten lanean hil diren kamioilariak, «horietariko asko bihotzekoak jota». Eta honekin, gutxienez, 54 laneko heriotza izan dira urte hasieratik Euskal Herrian, sindiaktuaren datuen arabera. Aste honetan hil den bigarren behargina da.
LABek gogoratu du 2023ko ezbeharren txostenean salatu zuela «orokorrean istripuz hildakoen %33 direla ez traumatikoak». Garraiolarien artean aldiz, %75 izan ziren ez traumatikoak. «Azken urteetako datuek joera hori erakusten dute, garraioan istripu ez traumatikoen intzidentzia handiagoa da. Honek adierazten du garraiolarien lan baldintzek istripu kardiobaskularretan duten eragin zuzena, lanpostuen prekarizazio etengabea tarteko», nabarmendu du.
Garraioaren sektorea laneko ezbeharrak gehien gertatzen direnetakoa da. «Iaz 10 garraiolari hil ziren lan istripuz, aurten dagoeneko kopuru hori gainditu da. Ez gara nekatuko lancistripuak lancbaldintza txarren eta prebentzio eta segurtasun neurri faltaren ondorio direla salatzeaz», ohartarazi du.
Garraioaren alorrean lan baldintzak «oso prekarioak» da LABen arabera: «lanaldi luzeak, estresa, presioak, garraioagatik ordaintzen duten prezio baxua, lan baldintzen eraginez modu osasuntsuan elikatzeko zailtasunak, adinaren eragina, etab».
Horregatik, sektore horretan gertatzen diren «lan istripu gehienak guztiz ekidin daitezkeela» dio sindikatu abertzaleak, eta horretarako «borondate politikoa baino» ez dela behar, «garraiolarien lan eskubideak bermatzeko eta errespetatzeko neurriak jartzeko, baita erakunde publiko eta enpresa guztien inplikazioa ere».
«Prekaritatearekin amaitu behar da. Patronalaren inpunitatearekin amaitu behar da. Erakundeek ezin dute jarraitu beste alde batera begiratzen, bestela gertatutakoaren konplize izango dira», adierazi du.