Ilusio bereziarekin eta toki berezi batean aurkeztu dute astearte honetan ‘Klera’, egitasmoa ere halakoxea baita. Donostiako Victoria Eugenia Antzokiko Club aretoko mahai borobiletako batean jarrita, musika lasaia lagun eta argi baxuarekin, giro hurbil eta goxoan barneratu gara, Elkarrek eta Kukai Dantzak argitaratutako liburua eskutan.
Jon Maya bultzatzaile eta zuzendari artistikoak oroitu duenez, duela urtebete Leire Bilbaok eta biek izan zuten solasaldi batetik sortu zen proiektua. Aipatu zuten arteak kontzientzia astindu behar duela. Kukain giza eskubideen inguruko lan batekin zebiltzan justu, baina bertze formatu batzuetara eraman nahi zuten beren lan egiteko modua.
Lehenengo pausoa Bilbaoren «testu zoragarri» bat izan zen, hagitz antzeko gelditu dena. June San Sebastian ilustratzaileak irudia jarri zien, Maite Larburuk musika, Kukaik dantza eta David Bernuesek bideoak, «paraleloan eta goxo» lan eginez. Jende aunitzen begi, buru eta bihotzak jasotzen ditu, hortaz, obrak.
«Sentsibilizazio eta kontzientziazio lana egiteaz gain, estetikoki oso ariketa ederra egin dugu. Oso pozik eta zoriontsu nago emaitza artistikoarekin», aitortu du Mayak.
Gerran dagoen ume baten kontakizuna
Esker hitzekin hasi dira ‘Klera’ osatu duten artista guztiak. Idazleak ere dantzariarekin izandako deia aipatu du. «Jonek esan zidan dantzarien jardun eszenikoa oholtzan hasi eta amaitzen zela askotan eta bazuela euskarri fisiko bat edukitzeko gogoa».
«Askatasun osoa» eman zion idazteko. «Ukrainako gerra puri-purian zegoen, Gazako bonbardaketak ere bai. Eta hala galdetu nion Joni: ‘Ausartuko gara umeen heriotzaz hitz egiten?’».
Gerra baten erdian harrapatuta dagoen ume baten kontakizun fikzionatua da ‘Klera’, hainbat adierazpidetan eraikia, oinarrian hitza egon arren. Album bat da, kontakizun labur bat, eta isiltasun aunitz ditu. «Beste lengoaiak ez dira betelana, istorioa handitzeko gaitasuna dute».
Bilbaok eszenatan irudikatu eta kontatu zuen ipuina. Azaldu duenez, ahoz gora irakurriz gero, tarteka datozen QR kodeetan klikatuz, koska bat igotzen da esperientzia. «Irakurketa partekatu horretan irakurlea off ahots bilakatzen da, bera ere proiektuaren parte», proposatu du.
Koloreen beharra, txuri-beltzarekin batera
June San Sebastian ilustratzailearentzat lehen argitalpena da honakoa, eta «oso lan gozagarria» izan da berarentzat. «Asko ikasi dut». Koloreen garrantzia azpimarratu du, hain gai gordina izanik, haurrengana hurbiltzeko behar izan ditu, txuri-beltzarekin batera.
Haur zehatz bat da protagonista, baina bertze bat izan zitekeen. Ile beltza eta katiuska gorriak ditu, baina anonimotasuna mantentzen du.
Opakotasuna eta distira
Maite Larbururentzat «opari bat» izan da ‘Klera’. «Nire ustez, bete-betean jo dugu dianan. Liburu honek dantza egiten du, hotsa du, begiak itxita ere irakur liteke, ikus liteke», adierazi du.
«Oso ederra izan da hitzak laburtzen baina zabaltzen ikustea. Hitzak borobildu ahala azaldu dira ilustrazio eta bideoak. Irudiek anonimotasun hori dute, gerraren opakotasun horren zentzua baina baita distira ere. Bideoek berdin. Gerra baten baitako ipuin bat nola bihurtu soinu gerratik kanpo. Distantzia bat behar da, bestela ezin da», egin du gogoeta.
«Musika egiteko opakoa eta distira erabiltzen saiatu naiz, Junek bezala. Arramazkak larru gainean, harriak, pausoak. Mundu perkusibo opako bat. Palestinan hartutako benetako bonba hotsak. Eta bonba hots errepikatuen gainean hasten den armonia ziklo bat. Hor dago distira. Haur kanta bat, Imanol Lartzabalena. Elementu kontrajarri horiekin jolastu naiz. Zorionez, guk jasangarri egin genezake gerra bat objektu honetan».
Liburuan badira lau bideo, baita bi audio ere. Larbururentzat hagitz garrantzitsua da hori, eta «arnasgune bat» ematen diote liburuari, begiak itxi eta norbere baitan ikusteko.
Biolina aditzen da, a capela aunitzetan, hagitz biluzik, Ekialdeko soinu bat ekarriz. Ahotsak ez dio hitz garbirik. Bigarren audioak martxa militar bat iradokitzen du eta zenbakiak erraten ditu baina bokalak soilik erabiliz, kontsonanterik ez. Bokalak zabalagoak dira; kontsonanteak, berriz, hagitz zehatzak.
Haur baten ahotsa nahi zuen eta Higer Otegi Esnal 9 urteko bizilaguna gonbidatu zuen Larburuk. «Oso ondo kantatzen du. Baiezkoa eman zidan eta udan entseatzen ibili ginen. Berak aukeratu zuen Larzabalen kanta hori. Itxiera ederra ematen dio lanari».
Orain, obra hau irakurleentzat beraientzat izan den bezain gozagarria izatea nahi dute artistek.