Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak eta Paule Sanchez Kultura zinegotzi eta Astarloa Kulturgintzako lehendakariak, biak EAJko ordezkariak, eman dute gaur goizean Antzoki zaharra berritu eta Plateruena Musika Aterpe bihurtzeko proiektuaren berri. «2025eko bigarren seihilekoan berriz irekitzea da gure helburua, herritarrei Euskadi osorako erreferentziazko gune kultural eta musikal bat itzultzeko helburuarekin», adierazi dute.
Plateruenak 2004ko urriaren 28an ireki zituen ateak 900 bazkideko kooperatiba bati esker. Herritik sortua Durangorentzat, Durangon Euskal Herriarentzat. Horrela gogoratu zuen Erika Lagomak GAUR8n iazko abenduan. 2021eko urtarrilaren 31n, hemezortzi urteren buruan, ateak itxi zituen Durangoko Plateruena Kafe Antzokiak, arrazoi ekonomikoak tarteko.
Ordutik bide katramilatsua izan du. Aurreko Udal Gobernuak –EH Bilduk eta Herriaren Eskubidea-k osatutakoak– jarri zuen martxan Plateruena berriz, eraikinaren jabetza Udalak hartu zuenean. Zabaldu ziren prozesu herritarrak eta kudeaketa berria prestatu zenean, 2023ko otsailean, Plateruenan bertan aurkeztu zen eredu berria.
Iazko martxoaren 3an egin zen irekiera ofiziala, baina, hauteskundeen ostean, EAJek eta PSEk osatzen duten Gobernu berriak bertan behera utzi zuen kudeaketa hura eta beste eredu bat topatzearen aldeko hautua egin zuen.
Asteazken honetan aurkeztu duten egitasmo berri honek Durangon eta Bizkaian «tokiko ekonomia bultzatzeko eta musikaren profesionalizazioa sustatzeko» duen garrantzia azpimarratu dute, «gure nortasuna eta kultur arloan esperientzia zabala oinarri hartuta».
Milioi bat euro inguruko inbertsioa aipatu dute agintariek. «Plateruena musika sorkuntza, prestakuntza eta erakustaldi zentro bihurtuko duena, berrikuntza, iraunkortasun eta kohesio sozialaren balioekin bat eginez. Instalazioak eguneratzeaz gain, udalak egokitu egingo ditu eraikinaren sarbidea eta aldakortasuna errazteko, erabilera eta formatu desberdinetarako espazio bereiziak sortuz modu eraginkorrenean», diote.
Durangoko Udala herriko eragile sozial eta kulturalekin elkarlanean ari dela adierazi dute, Plateruena Kultur Mahaiaren esparruan. «Une honetan, azaroaren hasieran proiektua aurkeztu ondoren, beren ideiak eta proposamenak aurkezteko aukera dute azaroaren 29ra arte, erreferentziazko gune kultural bat eraikitzeko asmoz, baina baita herritarren nahiak islatuko dituen sorkuntza-zentro bat eraikitzeko ere».
«Plateruena kultur gune bat baino askoz gehiago izango da; topagune inklusibo bat izango da, non pertsona guztiek gozatu eta ikasi ahal izango duten, euskal kultura eta tokiko talentua goratuz», esan du Elkoroiribek.
Paule Sanchezek, bere aldetik, honako hau gaineratu du: «Plateruena Durangoren isla izatea nahi dugu, hau da, herritarrekin batera pentsatutako eta sortutako espazio bat; ideien faktoria bat, Durango, Bizkaia eta Euskadi tokiko kultur sorkuntzaren eta kalitatearen abangoardian jarriko dituena, eta Durangoko gizarteak euskararen arnasgune izateko egin duen eskaera historikoari erantzungo diona».
«Helburu estrategikoak»
Plateruena Musika Aterpea berrituaren helburua Durangoko eta inguruko garapen sozial, kultural eta ekonomikoan oinarritutako helburu estrategikoak lortzea da. «Bere dimentsio sozialean, proiektuaren helburua da kide izatearen eta kohesioaren sentimendua sustatuko duen musika-berrikuntzarako espazio bat sortzea, euskararen erabilera sustatuz eta belaunaldien arteko ezagutza-transferentzia sustatuz», zehaztu dute.
Kulturaren ikuspegitik, proiektuak «euskal ondare musikala berreskuratu eta balioetsi nahi du, herritarrek euskal nortasunaren eta musikaren inguruko transmisio kulturalean aktiboki parte hartzeko aukerak sortuz».
Bere dimentsio ekonomikoan, Plateruenak «Euskal Herriko musikaren esparruan erreferente gisa kokatzea du helburu, garapen profesionalerako baliabideak eta aukerak eskainiz, batez ere tokiko gazte eta talentuentzat. Proiekzio honek Durango, Bizkaia eta Euskadiko eszena musikala Estatuko eta nazioarteko zirkuitu artistikoekin lotzea» du helburu.
«Proiektu honek estrategikoa izateko potentziala du, ez bakarrik Durangorako, baita Bizkaia eta Euskadirako ere. Horregatik, Udal Gobernuak lankidetza estuan lan egin du Bizkaiko Foru Aldundiarekin hura diseinatzen, eta orain hori gauzatzeko laguntza bilatzen ari da», azaldu dute.
Proiektuaren jarduera-ardatzak
Plateruena berrituak prestakuntza eta kultur eskaintza aitzindaria izango duela iragarri dute, ikasketa eta profesionalizazio maila desberdinetarako diseinatutako ikastaro eta masterclassen programa barne. Ezagutza-Eskola programaren barruan, 36 orduko hiru hilean behingo ikastaroak, 8 orduko hileko ikastaroak eta 3 orduko profesionalei zuzendutako masterclasseak eskainiko dira. Prestakuntza aukerak honako hauek izango dira: musika-konponketak eta soinuen bilaketa, zuzeneko estudioetarako edo kontzertuetarako soinu-teknika aurreratuak, jabetza intelektualeko prestakuntza eta musikari eta artistentzako komunikazioa.
Espazioak sorkuntza eta ekoizpen artistikoa ere sustatzeko asmoa du, tokiko eta nazioarteko artistentzako egoitzak eskainiz, entsegu areto, lehiaketa eta sormen-laborategiekin batera, Gazteria Sailarekin lankidetzan. «Plateruenaren programazioak eskala desberdineko kontzertu eta ekitaldiak izango ditu: inpaktu handiko kontzertuak, inpaktu ertainekoak, hurbiltasuneko kontzertuak, tokiko eta eskualdeko taldeek Durangoko publikoarekin partekatu ahal izango dute beren musika», esan dute.
Gainera, tokiko eta nazioarteko bandek parte hartuko duten gaikako jaialdiak iragarri dira, eta house, techno eta drum 'n' bass bezalako genero elektronikoei buruzko klub saioak sortuko dira. «Ikuspegi inklusibo hori programazioan islatuko da, eta ziurtatuko da taldeen % 50ek gutxienez euskaraz abestuko dutela, artisten % 33k 35 urtetik beherakoak izango direla eta emakumeen ordezkaritza ere gutxienez % 33ra iritsiko dela».
Ikerketa eta garapen artistikorako, beka bat emango da bi urtean behin. «Beka horrek lankidetza sustatuko du erakunde akademiko ospetsuekin, musikaren arloko ikerketa eta ezagutzen trukea bultzatuz», diote.