Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Annie Ernauxen eta Stefan Zweigen eleberri bana euskaratu ditu Aiora Jakak

Aiora Jakak itzulitako bi eleberri aurkeztu ditu asteazken goiz honetan Igela argitaletxeak. Annie Ernauxen ‘Neska baten memoria’ eta Stefan Zweigen ‘Amok’.

Aiora Jaka, itzuli dituen bi eleberrien aurkezpenean.
Aiora Jaka, itzuli dituen bi eleberrien aurkezpenean. (Jon Urbe | FOKU)

Annie Ernaux eta Stefan Zweig, bi autore horien lanak ekarri ditu euskarara oraingoan Aiora Jakak. ‘Neska baten memoria’ eta ‘Amok’, horiek izan dira itzulitako eleberriak, hurrenez hurren; asteazken goiz honetan aurkeztu ditu Jakak berak Igela argitaletxeko Inazio Mujika editorea lagun hartuta.

«Ernauxen jarraitzaileentzat ez da sorpresa bat izango, baina ezagutzen ez duten horiek animatu nahiko nituzke irakurtzera, literatura modu ezberdin bat delako, irakurketa katartiko bat da emozio femeninoen konplexutasunean murgiltzeko», azaldu du Mujikak. Eta eleberriko gai nagusiak laburtzeko ahalegina egin du: sexu esnaera eta xalotasuna galtzea, lotsa eta memoria, norbere gorputzarekiko harremana, patriarkatuaren eta arau sozialen inpaktua edota idazketaren bidez identitatearen berregitea.

Jakak azaldu du gertaera konkretu bat dela itzuli berri duen liburuaren ardatza: «18 urteko Annie udalekuetara joaten da lanera, oso xalo, oso ume, oso ezjakin. Hirugarren egunean sexu harreman bat izaten du, traumatikoa, bortxaketaren mugan dagoela esango genuke, berak argiki ezetz esaten duen arren, neskak ez zuelako bere desira ezagutzen. Baina gizon baten menpe jartzea badagoela esaten du, eta gizonak nahi zuen guztia egitea. Ondorengo elkarrizketetan kontatu izan du ez zuelako inolako plazerik bilatu, ez zuela bere desira ezagutzen eta gizon desirarekin liluratu zela».

Gizon desira horrek itsututa utzi zuen eta gizon desira hori behar izango du aurrera egiteko protagonistak. Gertakari hartatik 50 urtera kaleratu zuen Ernauxek eleberria. Sexu harreman horren osteko bi urteak jasotzen ditu liburuak eta kontatzen du nolako bilakaera izan zuen, hasierako obsesio itsu horretatik, beste modu batera ikustera.

76 urterekin berrartu zuen gertakaria, eta orduan hasi zen idazten. Jakak kontatu du eleberrian zehar Ernauxek aipatzen duela arrotza egiten zaiola orduko neska, eta orduan zena berreraiki nahian dabilela «egia bilatu eta ulertzeko». Urte luzez sentitutako lotsari aurre egin eta egiaren bilketarako erabili zuen idazketa Ernauxek; egungo ikuspegia ere txertatzen du liburuan, egungo Anniek ordukoari nola begiratzen dion kontatuz.

Idazle normandiarraren ohiko estiloari eusten dio eleberri honek ere, Jakaren arabera, autobiografiaren bidez eremu sozialera joz: «Gertaera oso pertsonal eta subjektiboak erabiltzen ditu arazo edo fenomeno sozial kolektiboak azaltzeko, beti soziologiarekin eta historiarekin lotuta. Frantziako gizartearen erretratu xehea egiten du, albiste eta erreferentzia asko biltzen ditu».

‘Amok’ sindromea

Azalean ageri den irudia bera da Zweigen eleberriaren lehen eszena: lurrun ontzi bat, itsaso zabalean eta gauez. Bi gizon ontziaren goikaldean eta gauaren isiltasunean batak besteari «zerbait» kontatzen dio. Izenburuak ere lotura zuzena du ondoren agertuko denarekin; ‘Amok’ malaisierazko hitz bat da eta fenomeno psikiatriko bat deskribatzen du, Amok sindromea.

«Amok: bapateko amorru leherketa, haserre itsu batez erasotu edo hil esan nahi du», azaldu du Jakak eleberriaren aurkezpenean. Narratzailea lurrun ontzi horretan dagoen pertsonaia dela esan du itzultzaileak, baina berak kontatzen duena dela garrantzitsua edo «benetako istorioa». Mujikak sakondu du argumentuan: «Mediku europar bat da protagonista, emakume misteriotsu batekin egiten du topo eta bere obsesioa bihurtzen da, eromenera, gatazka moral sakonetara eramango du obsesio horrek».

Intriga psikologiko inguratzaile bat bezala definitu du Igelako editoreak, eta intriga horri eutsiz ez du azaldu nahi izan emakume dotore horri zer ikusi zion, edo zer dela eta hasten den obsesioa. Hala ere, idazlearen ohiko estiloari eutsita «amaiera tragikoa» izango duela aurresuposatu daitekeela onartu du.

«Emozioak muturreraino eramaten sortzen ditu egoera tragikoak Zweigek», aitortu du Jakak, eta idazketari dagokionez ahozkotasunetik gertu egoteaz gain, oso kontaera zinematografikoa duela kontatu du.