NAIZ

AppaMaurizia proiektuak irabazi du Loraldia festibalaren Sormen Digitala Beka

Errealitate birtualeko AppaMaurizia proiektuak irabazi du Loraldiaren Sormen Digitala Beka. Teknologia berritzailea eta euskal folklorearen ondare kulturala uztartzea ditu helburu Ines Osinaga eta Lorea Argarate buru dituen #Mauriziakezdauinorhil kolektiboaren proiektu honek.

Ines Osinaga eta Lorea Argarate, #Mauriziakezdauinorhil kolektiboaren sustatzaileak.
Ines Osinaga eta Lorea Argarate, #Mauriziakezdauinorhil kolektiboaren sustatzaileak. (LORALDIA)

AppaMaurizia, #Mauriziakezdauinorhil kolektibotik sortutako errealitate birtualeko proiektuak irabazi du Loraldia jaialdiaren Sormen Digitala Bekaren hirugarren edizioa. Maurizia Aldeiturriaga pandero-jotzailearen irudia banderatzat hartuta, proiektu honek teknologia berritzaileak eta euskal folklorearen ondare kulturala uztartu nahi ditu, azaldu dutenez, erabiltzailearentzat esperientzia murgiltzaile bat sortzeko.

Beka hau euskarazko eduki berritzaileak sustatzeko eta euskal ondare kulturalean konprometitutako sortzaile digitalen talentua bultzatzeko sortu zen eta, jaialditik nabarmendu dutenez, jaso dituzten «kalitate handiko 23 proposamen»-en artean hautatu dute AppaMaurizia proiektua.

«AppaMaurizia esperientzia birtualak erabiltzaileak euskal kulturaren eremuetara eramango ditu, musika, dantza eta kontakizunak barne hartuz», iragarri dute, eta egitasmoaren helburu nagusiak euskal kulltura ondarea zabaltzea eta belaunaldi berriei transmititzea durela zehaztu dute. Horretarako, musikari, dantzari eta kultura adituekin elkarlanean arituko da kolektiboa eta proiektu amaitua 2026ko Loraldia festibalean aurkeztuko da, Bilbon. Proiektua garatu ahal izateko 10.000 euroko laguntza jasoko dute.

Proiektua oraindik hastapen fasean bada ere, argi dute errealitate birtualeko esperientzia izango dela eta trikitixa, txalaparta eta euskal dantza tradizionalak izango direla proiektuaren zutoinak. Hortik abiatuta, komunitatearen parte hartzea ere sustatu nahi dute, musikari eta dantzarien ekarpenak jasoz, «esperientziaren benetakotasuna bermatzeko». Azkenik, proiektua «osorik euskaraz» garatuko dela ere ziurtatu dute.

Podcastetik plataforma interaktiboetara

Jasotako gainerako proposamenen gainean ere aritu dira Loralditik. Orotara jaso dituzten 23 proposamenen artean denetariko proiektuak aurkeztu direla jakinarazi dute, podcastetatik eta dokumentaletatik hasi eta errealitate birtualeko eta plataforma interaktiboetara.

«Parte-hartzaileek euskal kulturaren inguruko diziplina digital eta ikuspegi sortzaile anitzak esploratu dituzte, formatu eta ikuspegi aberatsa erakutsiz. Jasotako proposamenek erakusten dute sortzaileen interesa eta konpromisoa euskarazko kultura berrikuntzarekin, eta agerian uzten dute euskal kultura digitalaren ondarea zaindu eta hedatzeko teknologiaren potentziala», txalotu dute.