NAIZ

Arabako ibaien egoera ez dela ona ohartarazi du Zadorra Bizirik herri plataformak

Arabako 46 ur-masetatik %65ek ez dute egoera orokor ona betetzen. Egoera kimikoa zertxobait hobetu da araztegiak eraikiz eta hobetuz, baina ibaiertzeko landaredia ez da berreskuratu. Hezeguneen egoera tamalgarria da eta akuiferoak nitratoz kutsatuta daude. Zadorra Bizirik plataformaren datuak dira.

Zadorra ibaia, Gasteizen, 2021eko abenduan uholdeak izan zirenean.
Zadorra ibaia, Gasteizen, 2021eko abenduan uholdeak izan zirenean. (Endika PORTILLO | FOKU)

«Arabako ibaiek ez dute hobera egiten, ezta 12 urteko luzapenekin ere», salatu du Zadorra Bizirik herri plataformak.

Azaldu duenez, Arabako lurralde historikoa 733 kilometroko ibaiek osatzen dute, hamar arro hidrografikotan banatuta: Zadorra, Ibaizabal, Puron, Omezillo, Ega Arakil, Deba, Baias, Ebro eta Inglares. Ibaien ezaugarrien arabera, guztira 46 ur-masatan banatzen dira ibaiak, eta unitate hori da Uraren Esparru Zuzentarauak (UEZ-2000) kudeaketa eta ebaluazio-unitate gisa ezarritako unitatea.

UEZ horrek estatu kideak behartzen zituen 2015. urterako ur-masen egoera global ona (kimiko, biologikoa eta hidromorfologikoa) berreskuratzera. Egoera hori konpontzeko ezintasunaren aurrean, beste 12 urteko luzapena gaitu zen, baina badirudi, hala ere, Arabak ez duela beteko.

46 ur-masetatik %65ek ez dute egoera orokor ona betetzen. Betetzen ez dituzten ur-masetatik %80k 2015a zuten ingurumen-helburu; gainerako %20k, berriz, 2027a.

«Kudeaketak ezin du horrela jarraitu»

25 urte hauetan, egoera zertxobait hobetu da, kimikaren aldetik bereziki, giza isurketak txikitzen dituzten araztegi batzuk eraikiz eta hobetuz, baina ibaiertzeko landaredia, ibaiei lotutako fauna kasu, ez da berreskuratu. Gainera, laku eta hezeguneen egoera tamalgarria da eta akuiferoak nitratoz kutsatuta daude.

Zadorra Bizirik-ek garbi dio: «Arabako lurralde historikoaren kudeaketa hidrikoak ezin du horrela jarraitu, beharrezkoa eta premiazkoa da modu koordinatu eta irmoan jardutea, klima larrialdiko egoera ofizial batean, lehorteak eta uholdeak izateko arrisku handiagoa espero baita».

Bien bitartean, herri plataformak egoera hori fiskalizatzen jarraituko du eta inplikatutako administrazioekin eta laguntza eskatzen duten pertsonekin lankidetzan arituko da, ibaiek jasaten dituzten isurketa eta inpaktu ugariei erantzuteko. Adibidez, 2021ean, Zadorrak gainezka egin zuenean, halaxe egin zuen eta neurriak aldarrikatu zituen uholdeak saihesteko.