Alaia Sierra
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Dozenaka eragilek elkartasuna adierazi diote Ernairi isundutako 133 kideen epaiketaren atarian

Ernaiko 133 kideri 290.500 euroko isunak jarri zizkieten protesta ekimen bat egiteagatik. Helegite bana aurkeztu dute eta epaiketak hilak 28an hasiko dira. Elkartasuna adierazteko eta jazarpen egoera orokortua salatzeko 32 eragilek manifestua sinatu dute.

Ernairen eta manifestua sinatu duten eragile batzuen ordezkariek agerraldia egin dute Gasteizen.
Ernairen eta manifestua sinatu duten eragile batzuen ordezkariek agerraldia egin dute Gasteizen. (Endika PORTILLO | FOKU)

Euskal Herriko hainbat alorretako 32 eragilek manifestua sinatu dute Ernai antolakundearen alde, 133 kidek Galder Barbado eta Aitor Zelaiaren espetxeratzearen aurkako ekimen batzuetan parte hartzeagatik jasotako isunen ondorioz abiarazitako prozesu judizialarengatik elkartasuna adierazteko. Gainera, «mugimendu sozialek bizi dugun egoera problematizatzeko eta salatzeko» ere elkartu dira.

Hala adierazi dute Ernaik eta atxikimendua adierazi duten eragile horietako batzuetako ordezkariek asteazken honetan Gasteizen egindako agerraldian. Bi aste pasatxo falta dira guztira 290.500 euroko isuna jaso zuten kideen prozesu judiziala hasteko; azaroaren 28an abiatuko da, gazte antolakundeak 133 helegite aurkeztu zituen eta.

Erantzukizuna, Lakuarena

Agerraldian deitoratu dutenez, Euskal Herrian hainbat antolakunde zein kolektiboren aurkako «jazarpen estrategia dago martxan, modu anitzetan garatzen dena». Honen aurrean erantzule nagusia Lakuako Segurtasun Saila dela adierazi dute, honek protesta sozialen aurka egindako erasoak «gero eta ohikoagoak» bihurtu direla uste dutelako.

«Segurtasun Sailak aspalditik eskema berdintsu bat baliatu du mugimendu sozialen protesten aurka egiteko: mugimendu sozialak eta horien aldarrikapenak kriminalizatu, protesta sozialak jazarri eta azken bitarteko gisa mugimendu sozialetako militanteak isundu edota atxilotu», zehaztu dute, eta «sistematikoa bilakatu den praktika erabat larri» honi irtenbide bat eskaintzeko beharra nabarmendu dute.

Horrela, «eztabaida zabaltzeko» unean gaudela azaldu dute. Beraz, mugimenduen aldarrikapenak jazarri eta hauei «entzungor egitea» baino, «eztabaidari helduz, honen garapenerako bermeak ezarriz eta herritar ororen adierazpen askatasuna errespetatuz» jardutearen alde agertu dira.

«Manifestu hau sinatu dugunok, bakoitzak bere eragin esparrutik, adierazpen askatasunaren alde eta jazarpenaren aurka lanean jarraituko dugu», esan dute, jendarteari konpromiso horrekin bat egiteko deia zabaltzearekin batera.

Zehazki, honako hauek dira Ernairekin bat egin duten eragile sozial, sindikatu eta alderdi politikoak: AHT Gelditu Nafarroa, Alternatiba, Aroztegiko Elkartasun Komitea, Bilboko Konpartsak, Bilgune Ekosoziala, Bilgune Feminista, Contrapunto Decolonial, EH Bildu, EHGAM, EHko etxebizitza sindikatuen sarea, ESK, Eusko Alkartasuna, Ekologistak Martxan, Emakumeen Mundu Martxa, Etxalde, Extinction Rebellion (Bizkaia eta Iruñea), Gazte Abertzaleak, Gasteiz Antiarrazista, Gurea Geroa (EHko pentsionistak), Haritu, Ikama, Joxemi Zumalabe, LAB, Nafarroako Pentsionistak Martxan, Olatukoop, San Fermines 78, Sortu, Steilas, Sustraiak eta Yalah Nafarroa con Palestina. ELAk ez du agiria sinatu baina elkartasuna adierazi dio Ernairi, beste ohar batean.