‘Itsasoa bete urre’ argitaratu dute Dani Martirena idazleak eta Ana Ibañez margolariak Txalapartaren eskutik. Irudia nagusi duen eta letra gutxi dituen lana da. Izan ere, Ibañezen grabatuak dira lanaren abiapuntua. Urrearen inguruko gogoeta batetik hasten da lana. Urrea beti faraoiekin, jainkoekin, oparotasunarekin lotuta egon da artearen historian. Baina azkenaldian itsasoz Europara etortzen diren etorkinak babesteko erabiltzen diren mantak ere urre kolorekoak dira. Eta handitasunarekin zerikusirik ez duen errealitatea estaltzen dute. Haurrentzako eta gazteentzako literatura lanen artean kokatu dute lana.
Irudi horietatik abiatuta, istorio bat eraikitzea zen Martirenaren erronka. Liburuaren hasieran azaltzen diren grabatuek eman zioten abiapuntua. Marko obalatuak faro bateko leihoa ekarri zion gogora. Farozainak leihotik ikusten zuena zela etorri zitzaion burura. Eta hortik abiatuta eraiki zuen testua. Beti ere, hitzak neurriz erabilita.
Istorioa bera proposamen irekia da, marrazkietan oinarriturikoa. Adibidez, testuak farozainak marmokak ikusten dituela dio, baina mutiko batek plastikoak ikusi izan ditu. Azken finean, egungo itsasoetan dagoen errealitatearen bi ikuspegi izan daitezke. «Joku bat proposatzen dugu. Ea nik ikusten dudana ikusten duzun», azaldu du Martirenak. Ibañezen margoen abstrakzioak ere horretan laguntzen du. Txipiroi ipurtargiak, marrazo gosetiak, sardina kilikariak eta abar azaltzen doaz, migrazioari buruzko istorio errealista bezain gordina azaltzeko.
Liburu poetikoa eta politikoa
«Liburu poetikoa da hitzetan eta irudietan», gaineratu du Martirenak. Liburu politikoa ere badela nabarmendu du idazleak, errealitate gordina mahai gainean jartzen duelako eta gizartea eraldatzeko helburua duelako. «Baina ez da morala», azpimarratu du.
Ibañezen grabatua lantzeko modua berezia da. Ez ditu serieak egiten, lan bakoitza froga bat dela esan daiteke. Grabatu kalkografikoaren plantxak egiteko sormen prozesua ere bidaia bat dela nabarmendu du. Emaitza aurreikusitakoaren desberdina izaten ohi da eta badira ere kaosa nagusia den uneak, «bidaia nola amaituko den ez dakizunean».
Liburu zaila eta desberdina dela onartu dute. Horregatik, Txalapartako Garazi Arrula editoreak egindako lana txalotu eta eskertu dute. Proiektuaren bozeto artesanal batekin agertu ziren argitaletxera eta antzerkia eta guzti egin zuten aurkezpenean. «Editore ausarta behar nuela esan nien orduan, eta hori izan dugu, editore ausarta», nabarmendu du Martirenak.