Iraitz Mateo

Jon Fosseren ‘Trilogia’ eleberria itzuli du Joannes Jauregik

Jokin Zaitegi Sariketak Literatura Nobel Saria irabazi dutenen obrak euskarara ekartzea du helburu. 2023an Joannes Jauregik irabazi zuen, eta Jon Fosseren ‘Trilogia’ liburua aurkeztu du asteazken honetan.

Joannes Jauregi, 2023ko Jokin Zaitegi Sariketako irabazlea.
Joannes Jauregi, 2023ko Jokin Zaitegi Sariketako irabazlea. (Jon Urbe | FOKU)

Joannes Jauregik eskuratu zuen 2023ko Jokin Zaitegi saria, eta asteazken honetan aurkeztu du ondutako lana: Jon Fosse Literaturako Nobel saridunaren ‘Trilogia’ eleberria euskaratu du. Kontatzeko eraren bidez mundu oso bat adierazteko gaitasuna du Fossek itzultzailearen iritziz, «mundu lanbrotsua, uherra, bertatik bertara gertatzen denaren kontakizuna».

«Aterpea ematearen eta ez ematearen ingurukoa da narratiba», kontatu du Jauregik. «Asle eta Alida gazteak, nerabeak kasik, aterpre bila dabiltza hiri ezezagun batean. Alida haurdun dago, erditzeko zorioan, baina inork ez die lagundu nahi, inork ez die errukirik adierazten, eta ez dakite zer egin, nora jo; zer irtenbide geratzen zaie?», jasotzen du liburuaren kontrazalak.

Jauregik nabarmendu du arrotzari nolako abegia egiten diogun lantzen duela eleberriak, eta gaiak «beste sakontasun bat» hartzen duela. «Homeroren ‘Odisea’-n hospitalitatea gai garrantzitsu bat da, abegitasuna arau eta kode moral garrantzitsu bat da. Betebehar moraltzat jotzen zen arrotzei erakustea», aipatu du itzultzaileak, ‘Trilogia’ liburuak lantzen dituen gaiekin lotura eginez.

Idazkera lokala, gai unibertsalak

Hiru atalez osatuta dago eleberria: ‘Esnaldia’, ‘Olaven ametsak’ eta ‘Arratseko nekea’. Fossek hiru zatitan argitaratu zuen eleberria, eta ostean bildu zuen guztia ‘Trilogia’ liburuan. Hala ere, itzultzailearen eta Xabier Mendiguren Elkarreko editorearen susmoen arabera, Fossek hasieratik zuen eleberria hiru zati hauetan pentsatuta.

Idazleak «mistikorako edo esanezinerako» duen joera nabarmendu du Jauregik aurkezpenean: «Instant poetiko batzuk badaude, errebelazio batzuk; sorkuntza artistikoan instante horien bila edo ehizan dabil nire ustez, eta momentu horietan poesia azaleratzen da, narrazioa alde batera geratzen da».

Lanbrotsua eta uherra da Fossen mundu literarioa Jauregiren ustez, «ertzak asko markatu gabe, baina sakontasun eta sinbolismo handikoa, oso originala iruditzen zaidan ahots narratiboa sortzen du». Mendigurenen iritziz, bi berezitasun nagusi ditu eleberriak: «Oso modernoa da egiten duen lana, baina era berean oso oinarrizkoa, oso ahozkoa. Oso lokala da lantzen duena, baina bere gaiak oso unibertsalak dira».

Zaitegi saria abian

Amaieran, gogorarazi dute 2024ko Jokin Zaitegi sariketa abian dagoela, Elkarrek eta Arrasateko AED Elkarteak elkarlanean antolatuta. 2024an Suediako Akademiak Han Kang idazle hegokorearrari eman dio Nobel Saria, eta sariketa honen helburua idazle horren ‘Barazkijalea’ eleberria itzularaztea da.