Alemaniako Volkswagendik iristen diren berriek eragindako kezka eta ezinegonaren aurrean, Bel Pozueta EH Bilduren diputatuak espainiako Kongresuan neurriak hartzeko eskatu dio Jordi Hereu Industria eta Turismo espainiar ministroari, «lanpostuak babesteko eta sektore publikoaren bideragarritasuna eta jarraitutasuna bermatzeko».
Koalizio abertzaleko Diputatuak ministroari Nafarroako erakundeekin elkarlanean, esparru bateratu bat ezartzeko eskatu dio, sektoreko enpresak, langileen ordezkariak eta bi gobernuak bilduko dituena, egoeraren bilakaeraren eta aurreikusitako eraginaren arabera beharrezkoak diren neurriak eraginkortasunez eta aurreikuspenaz hartu ahal izateko. «Arazoei aurrea har diezaiegun, saihestu ahal izateko. Gure ekonomiaren eta enpleguen zati nabarmen baten etorkizuna dugu jokoan», zehaztu du.
Automobilgintzaren sektorea Nafarroako BPGaren %30 inguru da, Landabengo Volkswagenen lantegian 13.000 lanpostu biltzen ditu eta 120 enpresa laguntzailek osatzen dute. «Gure lurraldeko enplegu guztiaren %5'5 automobil-industriaren mende dago, eta Estatuan, berriz, %1,1a. Motor ekonomiko eta laborala da nafarrentzat», gogorarazi du. «Horri gehitzen badiogu Estatu Batuek sektore horri muga-zergak ezartzeak sortzen duen ezegonkortasuna, ziurgabetasuna nabarmena da». Horregatik, espainiar Gobernuak Nafarroan izan dezakeen eraginari buruz duen informazioa eta aurreikuspenak eskatu dizkio ministroari Pozuetak.
«Lasaitasunerako deia»
Jordi Hereu, espainiar Estatuko Industria eta Turismo ministroak «lasaitasun eta sosegu» dei batekin erantzun dio EH Bilduren eskakizunari. «Lasai gaude eraldaketa prozesu batean gaudelako eta inbertsioak egiten ari garelako eta honek Europan eta Munduan ditugun erronken aurrean konfiantza eman behar digulako», adierazi du.
Industria ministroak adierazi duenez, «Landabengo fabrika erabat estrategikoa da Nafarroarentzat eta Espainarentzat» eta «aktibo handi bat da» lantegi lehiakor bat delako eta horrexegatik espainiar Gobernua bere eraldaketan inbertsioak egiten ari da kotxe elektrikoen modelo berriak bidean diren honetan.
«Gauzak horrela, nik lasaitasunerako dei bat egingo nuke, sosegurako, Landabenen oraina eta etorkizuna bermatuko duten oinarriak lortzeko inbertsioak egiten ari garelako».