«Desioak gidaturiko idazketa bat da», dio Eider Rodriguezek, eta ziurtatzen du irakurleak zail izango duela «hain basatiki desio duen idazlearen lorratzari ez lotzea». Annie Ernaux egileari buruz ari da, Katakrak argitaletxearen eskutik Leire Lakastak euskarara ekarri berri duen lanaren hitzaurrean. Urtebetez Frederic-Yves Jeannet idazlearen gogoetei Ernaux-ek emandako erantzunak jasotzen ditu ‘Idazketa labana bat da’ liburuak; ostegun honetan aurkeztu dute, Donostian.
Leire Lakastak itzuli eta argitaratzen duen lehenengo liburua da hau eta, bere esanetan, «momentu batzuetan nekeza» izan da lana, «besteetan polita», eta horren emaitza da ‘L'écriture comme un couteau’ obraren euskarazko bertsioa. Liburu «borobila» da, Lakastaren ustez, Rodriguezek ematen dio hitzaurre bikainean hasi eta Ernauxek 2011an, lana argitaratu eta hamar urtera, gehitu zion eguneratzearekin.
Katakraken udazkeneko uztari itxiera emango dion liburuan, Frederic-Yves Jeannet idazle frantsesaren galderak eta gogoetei Annie Ernauxek ematen zizkion erantzunak irakurri daitezke. Urtebeteko elkarrizketa intentsoa izan zen, 2001etik 2002ra, eta oso ezohikoa, korreo elektronikoz idazten baitzioten elkarri.
Etxartek aipatu duenez, Ernauxen lanen artean ezohikoa da ‘Idazketa labana bat da’. Bere estetika eta politika agertzen ditu. Lillebonneko idazlearen lana eta idiosinkrasia ezagutzeko beharretik Jeannetek sortu zituen elkarrizketetan, agerian geratzen da Ernauxen literatura iraultzeko bokazioa. «Uste dut idaztea ez dela plazer bakarti bat. Eta liburu bat ez dela apal batean utzi eta ahazten dugun zerbait. Hitzekin, literaturarekin, aldatzeko nahia izan dut. Hasieratik literatura aldatu nahi nuen, lan erraldoi bat zen. Ez nuen uste, agian, jendearen bizitza alda nezakeela». Ernauxen hitz horiekin hasten da ‘Idazketa labana bat da’.
«Literatura egin nahi zuen ordura arte egin ez zen bezala, hiriburu batekoa ez den langile klaseko emakumea den autobiografiari oso lotua. Ernauxen kasuan, idazketak oso toki desberdina izan du garai bereko Frantziako izen handiko beste izenen aldean. Ez da idazketara espreski dedikatu, beste ogibide bat izan du. Horrek eragina du», azaldu du Etxartek.
Abiatzeko proposamena, segitzeko ere bai
Ezin uka Ernauxen lanak interesa pizten duela Euskal Herrian eta 2022an Literaturaren Nobel saria eskuratu zuen idazlearen euskarazko bilduma nabarmen puztu da. Aste honetara arte, honako lanak irakur zitezkeen euskaraz: ‘Pasio hutsa’ (Igela, 2002), ‘Begira zenbat argi, maitea’ (Igela, 2002), ‘Gertakizuna’ (Igela, 2003), ‘Lekua’ (Igela, 2003), ‘Emakume bat’ (Txalaparta, 2011), ‘Begira zenbat argi, maitea (Igela, 2015) eta ‘Emakume izoztua’ (Elkar, 2023). Asteazkenaz geroztik, baina, beste bi titulu batu dira bildumara: ‘Neska baten memoria’, Igelak editatu eta Aiora Jakak itzulia, eta ‘Idazketa labana bat da’.
Etxarte eta Lakastaren esanetan, azken liburu hau izan daiteke Ernauxen munduan sartzeko hasiera on bat, bere izena entzun, baina haren lanik irakurri nahi ez dutenentzat. «Edo izan daiteke, halaber, autorearen zale amorratu horientzat, ezohikoagoa den lan bat zukutu dezaten. Eta, funtsean, «arteaz eta arteak mundua aldatzeko gaitasunaz gogoeta egin nahi duen edonorentzako» izan daiteke ‘Idazketa labana bat da’, Etxarteren hitzetan.