Iraitz Mateo
Donostia

«Guztiok ardura hartzeko unea» dela aldarrikatu du Mugimendu Feministak A-25aren atarian

‘Ez bazara konponbidea, arazoa zara’ lelopean iragarri ditu Euskal Herriko Mugimendu Feministak azaroaren 25eko mobilizazioak. Indarkeria matxista formaz aldatzen doala azaldu dute eta modu guztietan aurre egiteko eta kaleak hartzeko beharra azpimarratu.

Euskal Herriko Mugimendu Feministaren agerraldia A-25eko mobilizazioen berri emateko.
Euskal Herriko Mugimendu Feministaren agerraldia A-25eko mobilizazioen berri emateko. (Gorka Rubio | FOKU)

Azaroaren 25aren atarian, agerraldia egin du Euskal Herriko Mugimendu Feministak egun horretan hiriburuetan egingo dituzten mobilizazioak iragartzeko. ‘Ez bazara konponbidea, arazoa zara. La vergüenza va a cambiar de bando. Brisons le silence’, lelopean egingo dituzte mobilizazioak. «Egunerokotasunean erabat normalizatuta ditugu erasoak, bortxaketak, beldurra erailketak…» adierazi dute, eta horrekin amaitzeko ardurak hartzeko unea dela aldarrikatu.

Ostegun goiz honetan eman dituzte jakitera Euskal Herriko bost hiriburutan egingo diren mobilizazioak: Gasteizen, 19.00etan San Anton plazatik; Bilbon, 19.00etan Jesusen Bihotzetik; Iruñean 20.00etan Gaztelu Plazatik; Donostian 19:00etan Bulebarretik; eta Baionan 18.30ean Herriko Etxearen aitzinean.

Leloak jasotzen duen lehen kontzeptuaren inguruan, konponbideaz alegia, eraikitzen jarraitzeko aldarria egin dute, «aliantza feministetatik, antolakuntzatik, borrokatik». Gizonek euren pribilegioak arriskuan ikusten dituztela eta jarrera gero eta oldarkorragoak hartzen direla adierazi dute; «jarrera erreakazionarioak borroka feministaren lorpenekiko erantzunak dira» zehaztu dute. Eta horregatik, azaroaren 25 honetan ere kaleak hartzeko deia egin dute.

Agerraldiko lehen hitzetan 2024an Euskal Herrian eraildako 5 emakumeak ekarri dituzte gogora. Emakumeek jasandako indarkeriak ugariak direla salatu dute, baina «erro bakarra» duela nabarmendu: «Sistema heteropatriarkal, kapitalista, kolonial eta kapazitista honek forma berriak hartzen ditu bizirauten jarraitzeko».

Erantzukizunak hartzea, guztien ardura

«Gizon gehienek konplizitatea, justifikazioa eta indarkeria matxistak desagerrarazteko eta salatzeko konpromiso falta izaten jarraitzen duzue», zuzendu zizkie gizonei, eta zera ohartarazi: «Ez bazarete konponbidea, arazoa zarete». Eta jarraian xehe zerrendatu dute zer den «arazoa» izatea: «Eraso bat salatzean gure hitza zalantzan jartzea; erasoren bat jasan dugunean errua guregan jartzea; erasotzailea seinalatu, baina zuen jokaerak ez errebisatzea; indarkeriaren aurrean erantzukizunik ez hartzea».

Instituzioengana ere zuzendu dira inbertsioak eskatuz eta prebentzio programak behar direla gogoratuz: hezkuntzan inbertsioa, esparru anitzetako profesionalentzako formakuntza, erasotuak direnentzako baliabide erreal eta efektiboak. Eta azpimarra berezi bat egin dute: «Ez dugu polizia gehiago behar segurtasunaren izenean, ez dugu kontrolean inbertsiorik nahi».

Sare sozialen fenomenoari ere erreparatu diote eta egun sare eta babes izan daitezkeen arren, «mezu faltsuak modu azkarrean zabaltzeko, iraintzeko, gorputzen gaineko kontrolerako» bide ere badirela adierazi dute. Eta indarkeria forma berriak hartzen ari dela espazio birtuala kontatu dute, autodefentsarako tresnak birpentsatzearen beharraz mintzatu direlarik.