Itxaso Zalduak libre jarraituko du. Hala erabaki du Madrilgo Auzitegi Nazionalak. Europa Press agentziak jasotako epaian, Zigor Salako epaileek uko egin diote Fiskaltzak eta AVT elkarteak eskatutako behin-behineko kartzelari. Berriki kondena oso gogorra jaso du hernaniarrak, 110 urtekoa, baina epaileek diotenez, kondena hori «ez da irmoa» eta ez dakar berarekin automatikoki ihes egiteko arriskua. Gainera, «kausa honengatik aske egon den denboran ez du ihes egin eta auzitegira aurkeztu da deitu duten guztietan».
Epaiak eransten du ez lukeela iheserako «bitartekorik» ere, ETA deseginda dagoelako.
Edozein kasutan, ezingo da Estatu espainiarretik atera auzitegiaren baimenik gabe.
15 urtez kartzelan, bi estatuetan
Azaroaren 9an, batzarra egin zuten Hernanin herrikideari Auzitegi Nazionalak ezarritako zigorraren berri eman eta elkartasuna adierazteko. Zalduak 15 urte eman ditu preso bi estatuetan. 2005etik 2017ra frantziar kartzeletan eduki zuten, oso urruti, eta 2020an berriz atxilotu zuten, Madrilen zigortzeko asmoz.
Iaz aske gelditu zen, Manuel Gimenez Abad Aragoiko PPko burua hiltzeko akusaziopean epaitu eta errugabe deklaratu ostean. Bigarren atentatu bat egotzi diote, ordea: Zaragozako Corte Inglesen aurka egindakoa.