2024ko lehenbiziko hamar hilabeteetan baja hartzea ekarri duten 33.902 lan istripu zenbatu ditu Osalanek. 2023ko garai berean baino 2.401 ezbehar gehiago dira (%7,6ko igoera). Lanean hildako pertsonak, berriz, 24 dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Joan den urteko sasoi berean ere kopuru bera erregistratu zen. Hala ere, zauritu larriak gehiago dira, 173 guztira (%17ko igoera).
Europa Pressek jasotako Osalanen txostenean zehazten denez, lanpostuan 28660 istripu izan dira (iazko aldi berean baino %6,6 gehiago). Bidean edo ‘in itinere’ jazotakoak, aldiz, 3.708 dira (%14,2ko igoera).
Lanaldian gertatutako istripu guztietatik 28.499 (%6,6) arinak izan dira, 142 larriak (%12,7) eta 19 hilgarriak (2023an 20 izan ziren). Bidean gertatutako ezbeharretatik 3.672 arinak izan dira (%14), 31 larriak (2023an 21) eta bost hildako izan dira (joan den urtean baino bat gehiago).
Gehienak, zerbitzuetan
Zerbitzuetan zenbatu dira istripu gehien: 15.232. Jarraian datoz industria (9.434), eraikuntza (3.484) eta nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza (510).
Bestalde, 1.317 laguni diagnostikatu diote baja hartzea ekarri duen laneko gaixotasunen bat urtarriletik urrira bitartean. Iaztik berdintsu mantentzen da kopuru hori (%0,6ko jaitsiera). Bajarik ekarri ez zuten eritasunak 1.438 izan dira (iaz baino %0,7 gutxiago).