Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto

Eskarmentuak eta Larrazabalen erabaki okerrek eman diote B Serieko txapela Bakaikoari (22-16)

Aurrelari nafarrak Lau eta Erdiko hirugarren txapela jantzi du final gogor askoa aurrera atera ostean. Larrazabalek tantoa gehiagotan hartu du menpean baina ez du erremateetan asmatu eta sakez hiru falta ere egin ditu gainera. Opari horien erruz «koroa hirukoitza» lortzeke geratu da Amurriokoa.

Ruben Beloki handiak jantzi dio Lau eta Erdiko B Serieko txapela Joanes Bakaikoari.
Ruben Beloki handiak jantzi dio Lau eta Erdiko B Serieko txapela Joanes Bakaikoari. (Iñigo URIZ | FOKU)

BAKAIKOA 22 - LARRAZABAL 16

«Urduritasuna beti izaten da final batean, baina kudeatzen jakin behar da. Nik uste Ikerrentzat –Larrazabal– Lau eta Erdikoa dela deserosoen aritzen den modalitatea. Nik asko sufritu dut eta asko kosta zait, baina opari gutxiago ere egin ditut. Finalak partida bikainak izatea zaila da, baina txapela lortuta oso gustura nago». Horra Joanes Bakaikoaren hitzak Lau eta Erdiko B Serieko txapela hirugarren aldiz –2018an eta 2021ean irabazi zuelako ere– jantzi ostean. Iker Larrazabalek lana gogotik egin arazi dio pilotari nafarrari, baina honek pilotakada bat gehiago jotzera behartu du Amurrioko aurrelaria, eta gaztea Bigarren Mailako «koroa hirukoitza» lortzeke laga du. Gustura asko jaso du Ruben Beloki handiak ezarri dion txapela.

Ezin esan Iker Larrazabalek kale asko egin duenik, baina finala aurreneko atsedenaldira iristen hasi denez geroztik ia eginda izan dituen tantoak alperrik galtzen hasi da: erremate desegokiak, eskasak, edo Bakaikoa zegoen aldera botatakoak, eta Etxarri Aranatz-koak ez ditu opariok pasatzen utzi. Gaitasun handiagoko pilotaria dela erakutsi badu ere arabarrak, Bakaikoak zimela eta etsitzen ez duena dela frogatu du beste behin; egun hitzetik hortzera erabiltzen den «erresilientzia» handiaren jabe. Bada, horrek eman dio garaipena aurrelari nafarrari, Larrazabalek sakez egin dituen hiru faltak –laburregi bat, luzeegi bi– ahaztu gabe.

Urduritasuna eta hutsegiteak nagusi izan dira hasierako tantoetan, ulergarria den moduan, baina behin Larrazabal 0-2 aurreratuta sake motzegi bat atera ostean, B Serieko final hau tenperatura eta maila irabazten hasi da, azkenerako partida txukuna osatu duten arte. Bakaikoak berehala berdindu du, baina 2-3ko tanto ederra jokatuta berreskuratu du sakea Amurrioko aurrelariak. Nafarrak, menpean erabili badu ere, eskuin boleaz zabalean egindako tantoak zutik jarri du Labrit pilotalekua.

Kolpez arabarra gehiago izan arren, nafarra pilotari zalduagoa da eta tanto biziak bezain nekagarriak jokatu dituzte hasierako tanto azkarren ondotik. Zentzu horretan, markagailuan ekimena Larrazabalena izan arren, Bakaikoak itxaropenak izateko motiborik ukan du.

Aldiz, Amurriokoaren estrategia askoz erasokorragoa izan da. Sakeak oso laburrak eta oso azpitik atera ditu eta inolako lotsarik gabe errematearen bila abiatu da ostean. Hala, 3na berdindu ostean 3-6raino luzatu du bere aldeko emaitza Larrazabalek sakea eta errematea bikain baliatuta. Luze gabe berreskuratuko Etxarri Aranatzeko mutilak sakea, baina askoz lan mardulagoa eginda horretarako. 5-6koa sakez egin duenean poztuko zen Bakaikoa bera ere, «debalde» atera baitu tantoa.

Larrazabalen aldea 5-8ra joan da berriro, baina arabarrak alde are eta handiagoa ateratzeko bi aukera garbi pasatzen utzi ditu, ezker airez zabalera botata eginda izan zitzakeen tanto bi txokoan oso motel pausatuta Bakaikoari opari eman ostean. Nafarra ez da alperrik birritan izan Bigarren mailako Lau eta Erdian eta lanari beldurrik ez diola erakutsi du. Zer erremedio, Amurriko aurrelari gazteak trapuzko panpina bailitzan erabili baitu zenbait tantotan, txokotik zabalera eta handik txokora. Alabaina, nafarrak ondo prestaturiko kirolaria dela erakutsi du, bere arerioaren desesperaziorako.

Hala, Bakaikoak 8na berdindu du, harmailetan gehiengo izan diren zale nafarren zoriona pizteko. Berdindu bakarrik ez, aurretik ere jarri da Etxarri Aranazko aurrelaria, tantoa menpean hartu eta behar bezala errematea jarri ostean. Dena erabakitzeke izanagatik, aurreko tanto bietan galduriko abaguneei bueltaka egon ote den Larrazabal. Nolanahi, Bakaikoak ere tarteka kale egiten duenez, bere hutsegite batek beste berdinketa bat ezarri du: 9-9.

Sakez beste opari bat egin du orduan Larrazabalek, luzeegi aterata. Arabarrak, ordea, oraingoan egoki erantzun dio jasotako kolpeari, baina hurrengo tantoan berriz ere luzeegi egin du sakea, eta are okerragoa dena, markagailua 11na dela, tantoa eginda zuenean ez du errematea baliatu eta Bakaikoa bera aurretik iritsi da aurreneko atsedenaldi luzera, neurri handi baten Iker Larrazabalek egin dion opari pila hobeto baliatu duelako.

Jarraitutasuna gako

Sakez hiru tanto segidan eginda 15-11 aurreratu da Joanes Bakaikoa eta Larrazabal, berriz, burua makurtzen ari balitz bezalako tankerarekin. Txapela irabaztetik ez irabaztera xehetasun txikiek markatzen ei dute aldea, eta hala hartu du abantaila nafarrak ere.

Hain zuzen, jarraitutasun gehiago izan baitu bere arerioak baino. Erdi zortez erdi nahita, 15-12koa zabaletik zabalera moztuta egin du arabarrak, baina hurrengo tantoan erremate garbia txapara joan zaio. Aldiz, 16-13koa bi hormakoa jota erdietsi du Amurriokoak; takada behar, ordea, eta 17-13koa ezker airea kontrakantxara botata joan zaio.

Ez da etsitzeko egon, nolanahi, Amurrioko pilotaria eta halakoren baten, tanto bi kateatu ditu. Bakaikoak gustura hartuko zukeen bigarren atsedenaldi luzea, korrika batera eta bestera sarritan egokitu baitzaio aritzea, baina Larrazabalek bere bolada behingoan harrapatu du. Eskuin boleaz horma bikoa eginda 17-16 hurbildu da arabarra, baina beste erremate eskas baten ondotik Bakaikoak txokoan luze 18-16koa ezarri du, eta sakea patrikara atsedenaldiaren ondotik.

Baita baliatu ere nafarrak, hanketara luze moztuta 19-16koa ezartzeko. Hurrengo tantoa menpean izan du gehienean Iker Larrazabalek, baina oraingo honetan ez da errematatzen ausartu eta ezker horman pilota txarra sartu dio Bakaikoak, eta txapara joan da Amurriokoaren ezkerkada. Galtzak bete lan B Serieko finalari buelta emateko Larrazabalentzat, 20-16 atzetik jarrita. Eta are zailago sakearen bueltan bazterturiko pilota erori ondotik.

Ez dio inolako aukerarik eman Bakaikoak Larrazabal gazteari. Lau eta Erdiko Bigarren Mailako hirugarren txapela bere egin du Etxarri Aranatzeko aurrelariak ezker boleaz txokoan pilota lagata, sake bueltan. Eskarmentua eta sufritzen jakiteari esker lorturiko garaipena.

Txapelik gabeko finala

Zumarragako Beloki pilotalekuan Lau eta Erdiko txapelketaren hirugarren posturako dema lehiatuko dute Jokin Altunak eta Erik Jakak iagnde arratsaldean. Txapelik ezingo du jantzi irabazleak, eta ez pilotari hauek biek mailarik eta eskarmenturik ez dutelako. Hala, oraindik ere harrituko da bat baino gehiago 2020ko Buruz Buruko Txapelketako finala Lizartzakoak Altunari nola irabazi zion gogoratuta.

Iaz ere ez ziren finalean lehiatu, final-erdietan baino. Orduko hartan 21 tantora arinago iritsi zen Erik Jaka, baina Jokin Altunak ez zuen etsi eta Amezketakoa bera izan zen 22 tantoak egin zituena, kaiolako txapelaren bidean jarri zuen garaipena lortuz.

«Txapelketa ez da oraindik amaitu eta helburua sentsazio onekin amaitzea da», azpimarratzen zuen Altunak neurketa jokatu bezperetan. Jakak, berriz, «final-erdietan falta izan zitzaidan konfiantza puntu hori berreskuratzea» zuen helburu, Etxeberriaren aurka «une batetik bestera nire jokoa egiteari laga niolako».

Txikitatik elkar ondo ezagutzen duten bi aurrelari izanda, akaso Jokin Altuna izango da faborito, baina Erik Jakak ederki daki Amezketakoa deseroso nola sentitu arazi. Era berean, «benetako» finalek duten presiorik ez dutenez izango, zorte apur batekin Beloki pilotalekuan elkartzen diren zaleek ikuskizun bikaina ikusteko parada izanen dute. Jaialdia Dario eta Rezustak Senar eta Mariezkurrena II.aren aurkako partidarekin hasiko da.

FITXA TEKNIKOA

Iraupena: 53.35 minutu. Pilotakadak: 237. Sakeak: 4 Bakaikoak eta tanto 2 eta 3 falta Larrazabalek. Jokoan egindako tantoak: 10 Bakaikoak eta 11 Larrazabalek. Galdutako tantoak: 3 Bakaikoak eta 5 Larrazabalek. Markagailua: 0-1, 0-2, 1-2, 2-2, 2-3, 3-3, 3-6, 4-6, 5-6, 5-8, 9-8, 9-9, 10-9, 10-10, 10-11, 12-11; 15-11, 15-12, 16-12, 16-13, 17-13, 17-16, 18-16; 19-16, 22-16. Gorabeherak: Lau eta Erdiko B Serieko finala, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Aurreneko sakea, gorri eta dirua parean. Koldo Iriarte eta Josu Igoa izan dira finalista bien botileroak.