Nerea Lauzirika
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Klima aldaketaren aurkako neurriak eskatu dituzte Aldaketaldiak eta Klimaren Aldeko Aliantzak

Aldaketaldiak eta Klimaren Aldeko Aliantza elkarteek deituta elkarretaratzea egin dute Bilbon, DANAren hondamendia klima aldaketaren eta agintarien utzikeriaren ondorio dela salatzeko. Hori dela eta, aldaketa klimatikoaren aurkako neurriak eskatu dituzte.

Indautxu plazan egin dute mobilizazioa.
Indautxu plazan egin dute mobilizazioa. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Hainbat gizarte eragile batu dira Bilbon igande honetan klima aldaketaren aurkako neurriak eskatzeko. Aldaketaldiak eta Alianza por el Climak deituta elkarretaratzea egin dute Indautxu plazan, DANAren biktimekiko elkartasuna agertu eta hondamendia klima aldaketaren eta agintariek emandako erantzunaren ondorio dela salatzeko.

Bakun egiten ari diren Klimaren aldeko Gailurraren harira egin dute mobilizazioa eta «erregai fosilen erabilera desegokia» deitoratu dute eta gobernuei leporatu diete deskarbonizazioaren aurkako konpromisorik ez hartzea.

Ekologistak Martxaneko Energia Batzordeko Marisa Castrok eta Fridays For Futur elkarteko Maitane Zirionek hartu dute hitza. Bi erakunde horiez gain Amnistia Internazionalak, ELA, LAB eta Steilas sindikatuek eta Greenpacek ere sinatu dute manifestua, beste askoren artean.

Castrok adierazi du ez direla «behar beste enfasi» jartzen ari erregai fosilen erabilera gutxitzeko. Gaineratu duenez, «badakigu horrek klima aldaketa eta fenomeno gogorrak eragiten dituela, Valentzian ikusi ahal izan dugun moduan».

Manifestuan hainbat konpromiso eskatu dizkiete agintariei. Hala nola, 2040rako deskarbonizazio osoa posible izan dadin neurriak har ditzala galdegin diote Lakuako Gobernuari.

Halaber, finantziazioa aitzakia bezala erabiltzeari uzteko deia egin dute: «Gaur egun militarizaziora bideratzen den finantzaketa irauli behar dugu, pertsonak eta planeta babestearen alde, pertsonak erdigunean jarriko dituen trantsizio baketsua ziurtatzeko, Gaza, Kongo edo Ukraina bezalako lekuetan egindako eraso militarren ondorioz gertatzen ari den giza bizitzen galera geldiaraziko duena».