Gipuzkoako Foru Aldundiak sexu indarkeriari arreta integrala emateko foru zerbitzua inauguratu du Gros auzoan; ‘Hariberria’ jarri diote izena eta Kale Berriaren 10. zenbakian dago egoitza kokatuta. Ohar batean jakinarazi duenez, berehalako arreta integrala eta espezializatua eskaintzeko diseinatuta dago, «sexu indarkeria motaren bat jasan edo pairatu dutela susmatzen duten emakumeei, haien familie eta ingurune hurbilari» zuzenduta. Eta eguneko 24 orduz urteko 365 egunetan ateak zabalik izango dituela gogoratu du.
Zentroak zerbitzu integral bat eskainiko duela azaldu du Aldundiak, «emakumeen eskubideei eta aukerei buruzko informazioa eta orientazioarekin; laguntza psikologikoa eta soziala ere eskaintzen dira bertan, emakumeen errekuperazio prozesua errazteko». Aipatutako zerbitzuez gain, aholkularitza juridikoa ere barnebilduko du eskaintzak.
Uztailean Camino kalean ireki zen aldi baterako zentroa, eta Grosen irekiko den hau izango da behin betiko kokalekua. Zentro berriaren irekiera udan jasotako datuak plazaratzeko ere baliatu dute: 183 kontsulta inguru jaso zituen, horietatik 92 profesionalek eginak, 80 biktimek, 7 senideek eta 4 inguru hurbilekoek. Laguntza psikologikoa da gehien eskatutakoa, lege aholkularitza ondoren eta, azkenik, gizarte langileen laguntza.
Bestalde, aurreratu du Arrasaten eta Goierrin ere beste zentro bana irekitzeko asmoa duela Gipuzkoako Aldundiak. Arrasateko zentroak urte amaierarako ateak irekitzea espero da, eta Goierrikoak 2025eko lehen seihilekoan zerbitzu guztiak eskaintzea, zein herritan egongo den zehaztu ez duen arren.
Hiriko beste zerbitzuen «gehigarria»
Zentro berriaren irekieran ordezkari politikoek ere hartu dute parte. Eider Mendoza diputatu nagusiak azaldu du inbertsio bat dela «indarkeria matxista gure gizartetik desagerrarazteko», eta zentroaren diseinuaren inguruan pentsatzerakoan «arreta eredua zehazteko» hausnarketa egin dutela aurreratu du. Horrela, «emakume bakoitzari erabat pertsonalizatutako erantzuna» emango zaiola baieztatu du.
Eneko Goia Donostiako alkateak esan du zentro berriak Udalak jada eskaintzen dituen zerbitzuak «indartu» egingo dituela, eta hiriko bestelako zerbitzuen «gehigarria» izango dela: «Beharra duten emakume guztiei laguntzen jarraitzeko aukera emango digu, merezi duten arreta pertsonalizatuarekin eta sentsibilitatearekin».