Lakuako Gobernuko Lan Ikuskaritzak balizko irregulartasunak antzeman ditu lanaldi partzialeko 10.300 kontratazio baino gehiagotan aurten. Hori dela eta, 5.310 jakinarazpen bidali dizkie Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresei, lanaldi partzialeko lan kontratuetan izan diren iruzur zantzuen berri eman dezaten.
Lan eta Enplegu Sailak ohar batean azaldu duenez, Iruzurraren aurka Borrokatzeko Tresnaren bidez antzeman dira irregulartasun horiek. Tresna horretan, espainiar Lan Ikuskaritzak eta EAEko Lan Ikuskaritzak parte hartzen dute. Tresna horri esker, gutunak bidaltzen zaizkie lanaldi partzialeko kontratuak dituzten eta lan araudia urratzen duten enpresei, eta horietan ohartarazten zaie ezen, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari aitortutako partzialtasun-koefizienteak errealitatearekin bat ez badatoz, «berehala jakinarazi behar dituztela datuen aldaketak, langileek benetan egindako lanaldiaren arabera, aitortutako lanaldiaren eta benetan egindakoaren arteko desegokitasuna egiaztatu den egunetik aurrera».
Era berean, jakinarazten zaie Gizarte Segurantzaren likidazio osagarriak sartu beharko dituztela, desoreka horiek gertatu diren denbora tartearen ondoriozko kotizazio diferentziengatik. «Lanaldia eta kotizazioa erregularizatzen ez badira, enpresei jakinarazten zaie berrikusi egingo direla eta, hala badagokio, dagokion Lurraldeko Lan Ikuskaritzak ikuskatuko dituela».
Guztira, 5.310 enpresari bidali zaizkie gutunak, ustez 10.331 kontratutan irregulartasunak izan direlako. Lurraldeka, 869 enpresa Arabakoak dira (1.782 kontratu), 2.833 Bizkaikoak (5.956 kontratu) eta 1.608 Gipuzkoakoak (2.593 kontratu), hau da, erkidegoan langileak alta emanda dituzten enpresa guztien %9,3.