Egun Okendo kalean dagoen Donostiako Emakumeen Etxearen kokaleku berria erabakitzeko prozesuan bermeak eskatu ditu EH Bilduk, «presarik eta presiorik gabe egin dezaten».
Talde abertzaleak gogoratu duenez, Emakumeen Etxeak hamarkada bat darama Okendo kalean, behin-behineko lekuan. «Beste eraikin batera lekualdatu eta leku berrian egonkortzeko asmoa aspaldikoa bada ere, udal Gobernuak azken promesa gauzatu gabe segitzen du», salatu du EH Bilduk.
Izan ere, Amara kalean eskaini den lokalaren gainean «zalantzak sortu dira, epeak ez direlako, antza, aurreikusitakoak».
Honen berri izan du EH Bilduk Berdintasun Kontseiluak urrian egindako batzarrean. Amara kalean egingo den promozioak atzerapena duenez, jabetza pribatuko lokal bat eskaini zaio Emakumeen Etxeari. «Hortaz, Emakumeen Etxeak bi aukeren artean erabaki behar du. Hala, epeen inguruan eta prozesuaren beraren inguruan bermeak exijitzen ditugu, lasaitasunez egin dezaten. Hainbeste denbora zain egon ostean, orain haiei presa sartzea ez litzateke ez zilegi ez justua izango», nabarmendu du EH Bilduk.
Promozio pribatua
«Amara kaleko lokala bertan sustatuko den promozio pribatu baten baitan kokatzen da. Lursaila publikoa da baina Udalak 7,5 milioi eurogatik salduko du %100 etxebizitza pribatuak egiteko. Ordea, Udalak espazio hau erreserbatuko luke Emakumearen Etxearentzat. Beste aldetik, berriki eskaini zaien aukera dago: jabetza pribatua duen lokal bat, Lizarra kalean. Lekuak irisgarritasun arazoak ditu eta espazioak lanerako egokitzeko bi milioi eurotik gorako kostua duen obra exijitzen du. Jakin dugunez, San Bartolome Muinoa SA sozietatea da jabea eta hiriko higiezin agentzia ezagun batean dago salgai 965.000 eurogatik», azaldu du EH Bilduk.
«Eta elementu horiek guztiak kontuan hartuta, jakina, ez da harritzekoa Emakumeen Etxearen kokaleku berria Amara kalean izan ez dadin eragin duten arrazoien inguruan zalantza egitea», adierazi du prentsa agerraldian Izar Hernando zinegotziak. EH Bilduk susmoa du atzerapenen arrazoia Emakumeen Etxea promozio urbanistiko horretatik ateratzea dela, «errentagarritasun ekonomiko altuago bat lortzearen alde».
Etorkizuna ez kaltetu
Gauzak horrela, egoera honek Emakumeen Etxearen etorkizuna ez duela kaltetu behar aldarrikatzen du EH Bilduk. «Erraztasunak eman beharko lituzke Eneko Goiaren udal Gobernuak. Batetik, bi lokalen arteko erabakia hartzeko malgutasun osoa emanez, eta bigarrenik, egungo zerbitzua hobetzeari begirako inbertsioak mantenduz eta handituz. Eta zergatik ez, egun aukeren artean dauden bi lokalez gain (Amara kalekoa eta Lizarra kalekoa) beste aukerarik otuz gero, Emakumeen Etxeak izan beharko luke hori mahaigaineratzeko aukera ere. Izan ere, Emakumeen Etxeak badu nahikoa zilegitasun eta meritu hainbeste urtez behin-behineko egoeran egonik ere, hirian betetzen duten paper ezinbestekoa betetzen jarraitzeko», proposatu du Hernandok.
«Gogoratu behar da EH Bilduk proposamen bat jarri zuela mahai gainean aurreko legealdian, ondo aztertu eta landu zena; Emakumeen Etxearen baitan kontsentsua lortzeko gai izan zen. Suhiltzaileen egoitza zaharra, Easo kalean, begi onez ikusten zuten bai langileek baita erabiltzaileek ere, baina bide hura eten egin zen udal eta foru hauteskundeetarako kanpaina bete-betean Udal Gobernuak Amara kaleko aukera aurkeztu zuenean. Gaur gaurkoz, pausuak eman gabe segitzen dute eta noiz izango den posible ere ez dakite. Bi aukerez harago, beste kokapen batzuk aztertzearen aldekoak gara eta, zentzu horretan, EH Bildutik uste dugu leku estrategikoak proposatu behar direla, irisgarriak direnak eta ikusgarritasun aldetik balio erantsi bat emango diotenak emakumeen proiektuari», gaineratu du Hernandok.
Gauzak horrela, EH Bilduk Emakumeen Etxearen kokaleku berriaren erabakia hartzeko «epeak eta baldintzak malguak» izatea eta udal Gobernuak Amara kaleko kokapenari alternatiba eskaintzeko zergatien inguruan azalpenak ematea eskatu du.
Kokapen berria erabakitzen den bitartean zerbitzua hobetzeko inbertsioak egiten jarraitzea eskatu dio ere Udal Gobernuari EH Bilduk.