Ramon Sola

«Berunezko urteetan» Euskal Herrian «Estatu sakoneko» buru izan zen Cassinello hil da

Frankismoaren azken urteetan zein ondorengo hamarkadan espainiar zerbitzu sekretuen eta ETAren aurkako estrategiaren disenatzaile izan zen Andres Cassinello teniente jenerala hil da. Franco bezala, azaroaren 20an, eta bera bezala, ohean eta auzitegietan errugabe, 97 urte zituela.

Andres Cassinello teniente jenerala, orduko Nafarroako presidente Gabriel Urralbururekin batzartuta.
Andres Cassinello teniente jenerala, orduko Nafarroako presidente Gabriel Urralbururekin batzartuta. (EGIN)

1999ko abenduan abiatutako Lasa eta Zabalaren auziko epaiketan, aurpegi ezagun bat ageri zen ia egunero Auzitegi Nazionaleko pasilloetan, gora eta behera. Ordurako jada ofizialki erretiratua zegoen arren, bistan zen «lanean» ari zela Andres Cassinello espainiar Armadako teniente jenerala. Espainiar hedabideetan ere nabarmendu zutenez, lekukoei –zuzenean edo zeharka– mehatxu egitea eguneroko ogia zen prozesu horretan, Enrique Rodriguez Galindo eta bere gizonak salbatzeko saiakeran. Cassinello ez zen orduko hartan irabazle atera, baina nonbait ahalegina egiteko beharra sentitu zuen, Felipe Gonzalezek Guadalajarako espetxeko atean bezala.

Ordurako gerra zikinaren susmopean bazen, eta ez soilik Euskal Herrian, espainiar auzitegietan ere. ‘Oñederra auzia’ delakoan hasiera batean Cassinello inputatu zuen Baltasar Garzon epaileak, Galindo eta beste zenbaitekin batera «GAL berdea» sortzean nahastuta zegoelakoan. Berarekin batera Euskal Herrian «berunezko urteetan» jardun zuen Jose Antonio Saenz de Santamaria ere ageri zen epai-idatzi hartan. Baina azkenean ez zituzten epaitu, ez bata, ez bestea.

Saenz de Santamaria garbi mintzo zen gerra zikinari buruz urte luzetan, 2003an hil arte, horretaz zekiena agerian utzirik. Cassinello isilago ibili da beti, sotilago jokatu du. ETAren aurkako estrategiari dagokionean, publikoki legezko tresnen egiletza bat baino ez du aitortu: ZEN Planarena esaterako, Felipe Gonzalezen Gobernuen hastapenean asmatua, GALen sorrerarekin batera alegia.

Franco, Suarez, Gonzalez... eta CIA?

Zer zuen iturburu ZEN Planak eta nondik zetorren Cassinello? Fernando Alonsok artikulu honetan gogoratu zuenez, bere aurretiko jarduera militarrean, Andres Cassinello «ekintza psikologikoan eta subertsioaren aurkako informazioan» trebatu zen, eta 1966an kontrainsurgentzian aditu bilakatu zen Fort Braggeko Gerra Bereziko Zentroan, Estatu Batuetan.
Informazio Zerbitzu Frankistetako (SECED) arduradun izan zen 70koen hamarkadaren hasieran. Handik CESIDera igaro zen Franco hil ostean, eta, ondoren, Guardia Zibilaren Informazio Zerbitzuko Burutzara. Borroka Kontraterroristarako Aginte Bakarraren (MULC) zuzendariordea ere izan zen, Manuel Ballesteros komisarioak zuzenduta.

ETA ez zen bere aurkari bakarra izan. Andres Cassinellok 1974ko urrian PSOEk Suresnesen egindako kongresuaren kontrol lanetan parte hartu omen zuen Francoren Informazio zerbitzuen aldetik. Felipe Gonzalez alderdiko buruzagi izendatu zuten han eta biak eskutik helduta arituko ziren hamarkada bat geroago.

Alfredo Grimaldos ikerketa-kazetariari, ‘La CIA en España’ liburuaren egileari, elkarrizketa batean galdetu zioten ea CIAk GAL kontrolatu zuen. Bere erantzuna argia izan zen: «Ez zuzenean, baina GALen garuna CIAko gizon bat izan zen, Andres Cassinello jenerala. Baina hortik aldendu zen Rodriguez Galindo tartean sartu zutenean, gaizki aterako ote zen beldurrez». 1999-2000n biak gertu egongo ziren berriz ere, baina Galindo auzi-gelako aulkitxoan eserita eta Cassinello pasiloetan.

Gonzalezekin egin zuen lan orain hil den militarra, aurretik Adolfo Suarezekin bezala, eta lehenago Francorekin egin zuenaren antzera. Espainiaren alde eta independentismoaren aurka, alegia. Jokabiderik baztertu gabe (gaur egungo «fake news»ak ofizializatu zituen ZEN Planak) eta inpunitate osoz.

Galindo Torturaren Aurkako Egunean hil bazen, otsailaren 13. batean, 2021ean, Cassinello Franco ohean bizia galdu zuen egun berean hil da, azaroaren 20 batean. Edo Santi Brouard eta Josu Muguruza Estatu terrorismoak akabatu zituenean, horrela nahiago bada.