‘Aberriaren inpaseak’ izeneko saiakera berria kaleratu berri du Joseba Zulaikak, gaur egungo Euskal Herrian bizirik dauden eztabaiden inguruko hausnarketa eta hauei beste modu batera begiratzeko aukera eskainiz.
40 urtez Estatu Batuetan bizi izan da Joseba Zulaika antropologo, pentsalari eta idazlea, besteak beste Nevadan dagoen Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketen Gunean (Center for Basque Studies) lanean. Bere lanek Euskal Herria izan dute ardatz beti eta ETAren inguruan, bertsolaritzaz eta ‘kontraterrorismoaz’ idatzi du, besteak beste.
Asteazken honetan Donostian egindako aurkezpenean azaldu duenez, duela bost urte bueltatu zen Zulaika Euskal Herrira eta itzulera hori izan zen lan berri honen abiapuntua, hain zuzen. Jorge Gimenez Bech idazleak proposatu zion lana, Estatu Batuetatik heldu berri zela euskal gizarteaz eta kulturaz kanpoko ikuspegi bat emateko, konkretuki.
Hortaz, «inpaseak aberriarenak dira, baina nireak ere bai». Jorratzen dituen gaien artean –demografia, migrazioa, turismoa, krisi klimatikoa, kapitalismoaren ondorioak eta adimen artifiziala, kasu– euskararena nabarmendu du idazleak.
Azaldu duenez, urte hauetan ingelesez idatzi du eta itzuli zenean errazagoa egiten zitzaion hizkuntza horretan aritzea, «nire euskara erabat kamutsa» zen eta. Hala ere, «konturatu nintzen ez duela zentzurik ingelesez idazteak», esan du.
Duela 40 urteko euskararen egoera eta gaur egungoa alderatuz, Zulaikarentzat aurrerapausoak eman dira, «indarberritze» bat eman da, kazetaritzan edo literaturan, besteak beste: «Zulora zihoan hizkuntza berpiztu da». Hala ere, deitoratzen du gaur egun hori baieztatzea «tabu» bihurtu dela eta «esan behar duzu euskara larrialdi handian dagoela».
Horrek, gainera, arrisku bat dakar Joseba Zulaikarentzat. Autore batzuek erakutsi duten euskararen egoerarekiko negatibotasuna arbuiatzen du, euskara «hilzorian» dagoela diotenak bezalako baieztapen horiek «profezia» bihurtu daitezkeelakoan.
Genero-berdintasunaren gaiaz ere ari da liburuan. Adibide «argi» gisa alarde tradizionalaren eta parekidearen arteko talkak sortutako egoera aipatu du, tradizioa altxor bezala ikusten delako, baina generoarekin arrakala sortu delako eta hor dago «inpasea».
Esan duenez, «inpasea antagonismotik bereizi behar da» eta feminismoaren motibazioa emakumeek alardean parte hartzea zen, «ez gorroto amaiezina sortzea». Izan ere, Zulaikarentzat, feminismoaren eztandak gizonengan antagonismoa probokatu zuen, eta horrekin, borroka.
Hausnarketarako gonbidapen bat
Alberdaniarekin argitaratutako lana da, Gorka Bereziartua editoreak etxe honetan egindako lehendabizikoa, hain zuzen. Bereziartuak aurkezpenean aurreratu duenez, ‘Aberriaren inpaseak’ maila teoriko handiko gogoetak eta edozeinek irakur lezakeenak nahasten ditu.
Bereziartuarentzat erantzunak ematea baino, «esploratu gabeko lurraldeetan sartzeko gonbidapena da, gauzak beste leku batetik begiratzekoa», ados egon behar gabe.
Joseba Zulaikak ohartarazi duenez, «Euskal Herriak orain inpase hauek bizitzeak ez du esan nahi krisi bat bizi duenik» eta jarrera baikorra erakutsi du, «autosaboteajean» eta «super egoaren masokismoan» jausi gabe: «Oso ondo ikusten dut euskal gizartea gauza askotan».