Trail running-eko edo mendiko lasterketen hitzorduek azken urteotan erabateko booma eta bilakaera izateaz gain, ingurumenarekin lotutako inpaktuekin eta haien inguruko konponbideekin lotura duten hainbat ekimen indarrean jarri dira. Mendietan eta naturgune babestuetan antolatzen direnez, erakunde batzuek (lasterketen antolatzaileek ere) arreta berezia jarri diote aipatutakoari.
Horien artean da Alemanian egoitza duen Europarc edo Europako parke naturalak biltzen dituen erakundea. Europako biodibertsitatearen garapen iraunkorrean jarduten du, eta ingurumen, gizarte eta ekonomia garapenerako duen garrantzia nabarmentzen du.
Bada, besteak beste, erakunde horrek Green Label izeneko ziurtagiria ematen die mendiko lasterketei; jakina, hainbat irizpide betetzen badituzte. Iniziatiba horrekin, gainera, Mendi eta Eskalada Kirolen Espainiako Federazioak (Fedme) bat egin du. Eta hain zuzen ere, Euskal Herrian sona handia duen hitzordu batek, Gorbeia Suzien lasterketak, Green Label CXM Europarc-Fedme zigilua jaso berri du.
Zenauriko lasterketak, gainera, nolabaiteko ohorea du; izan ere, gure lurraldean ziurtagiri hori jaso duen lehena da, eta laugarrena espainiar Estatuan. Antolatzaileek adierazi dute, mendi lasterketa bat antolatzeaz gain, natura babesten eta errespetatzen dutela: «Urtero, Gorbeiako Parke Naturalean egiten dugun probak ingurumenean duen eragina minimizatzeko prozesu zorrotz bati egin behar diogu aurre. Zigilu ospetsu hori lortzea izan da gure helburua eta, horretarako, ‘Naturagune Babestuetan Mendiko Lasterketak Garatzeko Jardunbide Egokien Gida’ hartu dugu oinarri. Ziurtagiri horrek jasangarritasun estandar altuak betetzeko eskatu digu hiru fasetan zehar: ekitaldiaren plangintza, gauzatzea eta ebaluazioa».
Ingurumen kudeaketa
Zeanuritarrek dioten bezala, aurrera eraman duten prozesu ez da batere samurra izan. Horretarako, azken ekitaldian funtsezko neurriak ezarri dituzte. Hala nola, ingurunearen azterketa eta ekitaldiaren ingurumen inpaktuaren kuantifikazioa, seinaleztapenean berrerabil daitezkeen materialen erabilera eta boluntarioen ingurumen prestakuntza.
Horretaz gain, hondakinen bereizketa eta bilketa zorrotza egin dute, eta ingurumen inpaktuari buruzko txosten bat ere bai; batez ere, hondakinak arintzeko eta konpentsatzeko neurriak jasotzen dituena. Ahalegin horiek funtsezkoak dira lasterketaren karbono aztarna murrizteko, bertako flora eta fauna errespetatzeko eta Gorbeia Suzieneko edizio bakoitza ingurune naturala errespetatzeko eredu bat dela ziurtatzeko.
Bide batez, Gorbeia Suzienekoek esan dute ingurumen ziurtagiria lortzeko asmoz azken edizioan hainbat datu mota bildu dituztela karbono aztarnaren kalkulua egin ahal izateko. Horrela, oinarrizko informazioa lortu dute, eta hortik jarraitu ahal izango dute lanean aztarna hori ahalik eta txikiena izan dadin.
Amaitzeko, antolatzaileek diote ingurumen kudeaketa datuetan oinarritzeko hainbat urrats egin dituztela: «Kontsumo datuak lortu ditugu: urarenak, erregaienak, elektrizitatearenak eta bereizi ondorengo hondakinenak (plastikoak, papera, beira, organikoak eta abar). Espainiar Estatuan modu horretan egiten den lehen proba da. Gainera, gure konpromisoa da urtero boluntarioekin batera ekintza bat egitea gure ingurune naturala hobetzeko».