EHUko Lan Harremanen eta Gizarte Lanaren Fakultateak eta GEZKIk (EHUko Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutua), ELA, LAB, CGT, CIG eta Intersindical sindikatuen fundazioekin batera, XXI. mendeko lanari eta sindikalismoari buruzko nazioarteko lehen biltzarra antolatu dute azaroaren 28an eta 29rako, EHUren Leioako campusean.
Bilbon egin duten aurkezpenean azaldu dutenez, Quebeceko Gobernuaren laguntza ekonomikoa ere izango duen nazioarteko lehen kongresu honetan lan munduaren eta sindikalismo eraldatzailearen gaurko eta biharko erronka nagusiez eta estrategiez jardungo dute 40tik gora ekintzaile, sindikalista eta ikertzailek.
Kongresuak lau ponentzia nagusi izango ditu, Pastori Filigrana, Yayo Herrero, Marti Lopez Andreu eta Miguel Martinez Lucioren eskutik; mahai-inguru bat bost sindikatu antolatzaileen idazkari nagusiekin; eta 40 komunikazio, bederatzi mahaitan banatuta, honoko gai hauen inguruan: estrategia sindikala, militantzia, ekintza sindikala, auzo herrikoiak eta etxebizitza, antiarrazismoa, feminismoa, zaintza lana, enpresen berreskurapena, digitalizazioa, lan Zuzenbidea, enpresaren kultura «berria», eredu ekonomikoaren eraldaketa, desazkundea, trantsizio ekosoziala eta ekonomia soziala, besteak beste.
Hainbat unibertsitatetako ikertzaileen komunikazio akademikoez gain (EHU, NUP, Cadizeko Unibertsitatea, Madrilgo Konplutensea, Coruñako Unibertsitatea, Madrilgo Unibertsitate Autonomia eta Quebeceko Unibertsitatea), Ipar Euskal Herriko ALDA elkartearena, Madrilgo maizterren sindikatuarena, ‘El Salto’ egunkariko Gessami Forner kazetariarena eta Oscar Garcia Jurado Talaioseko kooperatibista eta militantearena izango dira.
Analisia osatuko dute bost sindikatu antolatzaileetako, CNTko eta Aragoako OSTA sindikatuko militanteen esperientzia eta testigantzek, «azken urteotako borroka sindikal esanguratsuenetako batzuen protagonista izan baitira eta XXI. mendeko ekintza sindikalari bide berriak irekitzen baitizkiote».