Film irlandar honek Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 35. Asteko publikoaren saria irabazi zuen 8,34ko puntuazioaz. Beldur psikologikoa eta naturaz gaindiko elementuak uztartzen ditu. Atmosfera eta ikuspegi psikologikoa ditu bereizgarri.
Darcy izeneko medium itsu eta bitxi saltzailea da protagonista; ahizpa bikia hil zela urtebete igaro da. Gertatutakoa argitzeko funtsezko elementu bilakatuko da berak duen bitxikerien kabineteko zurezko maniki bat.
Filmak mamu, sorgin eta slasher zinemaren trazak ditu, baita ukitu gotikoak ere. «Hasiera batean kontzeptu horiek guztiak film labur independenteak filmatzeko premisa gisa imajinatu nituen, baina azkenean laurogeita hamar minutuko film bakar batean bateratzea erabaki nuen», aipatu zuen McCarthyk aurkezpenean.
«Era batera edo bestera, niretzat garrantzitsuena historia koherentea izatea da. Koktelera thriller dosi batzuk ere sartu nituen, publikoan zalantzak ereitea interesatzen zitzaidalako. Nire ustez, oro har, hasieran ezarri genituen helburuak lortu ditugu», adierazi zuen zuzendariak.