NAIZ

Irungo Santiago zubia kolapsatua, tanke estatubatuar ilara batengatik

Tanke ilara batek kolapsatu du Irungo Santiago zubia ostegun honetan. Tankeak zeramatzaten kamioiek Gipuzkoan itxaron behar izan dute frantziar Polizia iritsi arte. Dirudienez, arazoak izan dira koordinazioan. Joan den astean ere ikusi ziren halako ibilgailuak Bidasoa ibaiaren ertzean.  

Tankeak Irunen.
Tankeak Irunen. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Tanke ilara batek kolapsatu du ostegun honetan Irungo Santiago zubia. Dirudienez, arazoak izan dira koordinazioan, eta tankeak zeramatzaten kamioiek frantziar Polizia iritsi arte Gipuzkoan itxaron behar izan dute, Bidasoa ibaiaren ertzean.

France Bleu irratiak eta ‘Sud-Ouest’ egunkariak azaldu dutenez, Estatu Batuek Europan barreiatuta dituzten tankeak dira ostegunean ikusi zirenak eta «Errusiak Ukrainan daraman eraso militarrarekin» lukete lotura. Zehazki, ‘Atlantic Resolve’ operazioarekin lotu ditu aipatu irrati kateak, frantziar Armada iturri hartuta.

Ostegunekoak ez dira, ordea, azken egunetan Lapurdin eta Gipuzkoako mugan ikusi diren ibiligailu militar bakarrak. A63ko autobidearen ordainlekuan, Irun-Hendaia arteko Santiago zubian, Bidarten, Biarritzen, Baionan... Azken aste honetan bestelako bideetatik igaro dira tanke handiak eramanen dituzten konboiak.

Joan den astean ere ikusi ziren Irunen tankeak eramaten zituzten kamioiak. ‘Diario Vasco’ egunkariak orduan azaldu zuenez, tankeak frantziar Armadarenak ziren eta Gasteizen dagoen Arakako kuarteletik atera ziren. Ostegunekoak bezala, kamioietan eraman zituzten mugaraino.

Dozena erdi tankek osatzen zuten joan den asteko konboia, Guardia Zibileko, Ertzaintzako, frantziar Jendarmeriako eta Irungo Udaltzaingoko zenbait agenterekin batera. Poloniako eta Herbehereetako matrikula zuten furgonetak ere ikusi ziren bertan.

Konboiak harridura sortu zuen Irungo bizilagunen artean, eta trafiko arazoak sortu ziren Ficoba inguruan. Auto-ilarak izan ziren konboiaren ondorioz, eta ostegun honetan areagotu egin dira, izan ere Santiago zubia blokeatuta egon da.

Pasa den astean Ertzaintzak ez zuen azaldu zer egiten zuten halako tankeek espainiar Armadak Arakan duen kuartelean, ezta zergatik zeharkatu duten Euskal Herria. M1 Abrams tankeak ziren, AEBtan egindak.