Steve McQueen zinegile entzutetsuaren film berria zuzenean Apple Tv + plataforman estreinatzen da; zoritxarrez zinemetatik pasa gabe.
Bigarren Mundu Gerran girotua, George (Elliott Heffernan) bederatzi urteko haurraren istorio epikoa azaltzen du. Rita (Saoirse Ronan) amak, salbu egon dadin, hiritik urrun bidaltzea erabaki du. Familiarekin itzultzeko asmoz, George-ek etxera itzultzeko bidaia bati ekin dio.
Bigarren Mundu Gerran girotutako filmen katalogoa oso zabala da eta hainbat ikuspegi eta hamaika arazo sozial erakutsi dituzte. ‘Blitz’-ek badu bereizgarri bat: arrazaren gaia pertsonaia protagonistaren alderdi garrantzitsu gisa azaltzen da.
Filmari izenburua ematen dion Blitz delakoa, Bigarren Mundu Gerran eta 1940ko irailaren 7tik 1941ko maiatzaren 10 arte, Hirugarren Reicharen Luftwaffe aire armadak Erresuma Batuan burututako bonbardaketa kanpainia iraunkorra izan zen. Bonbardaketa kanpainia hau Ingalaterrako Guduaren barnean jazo zen. Izendapena Blitzkrieg (‘Tximista Gerra’) alemaniar hitzetik dator.