NAIZ

A25aren atarian, prentsak zabaltzen duen «errelato patriarkala» salatu dute Gazte Feministek

‘El Diario Vasco’-k Donostian duen egoitzan ekintza egin dute Euskal Herriko Gazte Feministek, salatzeko komunikabide hegemonikoek «errelato patriarkal eta arrazistak» zabaltzen dituztela. 

‘El Diario Vasco’ren egoitzaren aurrera eraman dute salaketa Gazte Feministek.
‘El Diario Vasco’ren egoitzaren aurrera eraman dute salaketa Gazte Feministek. (Gorka RUBIO | FOKU)

Euskal Herriko Gazte Feministak «hegemonia patriarkala finkatzeko funtzioa» betetzen duen prentsa seinalatu du ostiral honetan Donostian, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren atarian.

Euskal Herriko Gazte Feministak taldeko hainbat kide –lehen Euskal Herriko Neska* Gazteak– ‘El Diario Vasco’ egunkariak Donostian duen egoitzaren aurrean agertu dira ostiral goizez eta, bertan, «medio pribatu eta espainolistek» zabaltzen duten «errelato patriarkal eta arrazistak» salatzeko ekintza egin dute: hainbat komunikabidek –‘El Diario Vasco’, ‘La Gaceta’ eta Europa Press, adibidez– indarkeria matxistako kasuei ematen dieten trataera okerra seinalatu eta ikusgarri jarri dute, argitaratu izan dituzten albiste batzuen titularrak erakutsiz.

Adierazi dute medio hauek ez direla informazio iturri soilak, «sistema zisheteropatriarkala sostengatzeko aparatuak baizik» eta, hala, «hegemonia patriarkala finkatzeko funtzioa» betetzen dutela.

Nabarmendu dute garaipen feministen adierazlea dela eraso matxistak albiste izatea, hala ere, eraso horiek kontatzeko eran jarri dute arreta: «Gizon batek emakume bat erail duela esan beharrean, emakumea hil egin dela entzuten dugu, erasotzaileari erantzunkizuna kendu eta erailketaren marko patriarkala estaliz. Egiturazkoa eta sistematikoa den biolentzia matxista erabat desitxuratzen da».

Errelato horren kontra, argi adierazi dute indarkeria matxista ez dutela gizon «zoro, irrazional eta ezezagunek» praktikatzen, eta «bikotekidea, aita, osaba edo kuadrilako laguna» ere izan daitezkeela erasotzaileak.

Begirada arrazista eta poliziala

Komunikabide hauek, Gazte Feministen esanetan, ez dute indarkeria matxistaren izaera sistemikoa aitortzen, ezpada gizon arrazializatuez ari direla. «Modu honetan, komunitate osoen estigmatizazioa eta estereotipo arrazistak bultzatzen dituzten narratibak sortzen dituzte», ohartarazi dute.

Gaineratu dute zenbait albisteetan Polizia salbatzaile gisa aurkeztu ohi dela, eta horren helburua ez dela Poliziak «erabiltzen duen indarkeria estaltzea» besterik. «Erasoen identifikazio, salaketa eta kudeaketan mugimendu feministak egiten duen lanari aitortza kendu eta polizien lana goraipatzen dute», esan dute.

Zenbait komunikabidek argitaratutako albisteak ikusgarri jarri dituzte, haien trataera «patriarkal eta arrazista» salatzeko. (Gorka RUBIO/FOKU)
Zenbait komunikabidek argitaratutako albisteak ikusgarri jarri dituzte, haien trataera «patriarkal eta arrazista» salatzeko. (Gorka RUBIO/FOKU)

Indarkeria naturalizatu eta babesten dutenei autodefentsa feministaz erantzungo dietela adierazi dute Gazte Feministak, eta komunikabide hegemonikoek zabaltzen duten «errelato patriarkal eta arrazisten aurrean», alternatiba feminista antolatzearen alde egin dute.

Ekintzaren ondotik, astelehenean, azaroaren 25ean, auzo, herri edota unibertsitatean antolatu dituzten egitarauetan eta Mugimendu Feministak deitutako mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu dute.