Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren Akademiak ostiral honetan egin duen Udazkeneko Osoko Bilduran erabaki du Ana Maria Zubiaga izango dela hemendik aurrera erakundeko lehendakaria. EHUko Genetika katedraduna da Zubiaga, eta bere ikerketa-eremua minbiziaren biologiaren eta genetikaren elkargunean kokatzen da.
Jakiundetik nabarmendu dutenez, nazioarteko ikertzaile-taldeekin aktiboki lankidetzan aritzen den ikerketa-talde bat sendotu du eta hainbat erantzukizun instituzional izan ditu EHUn eta nazioarteko hainbat programatan, baita nazioarteko aldizkari zientifikoetan berrikuslea eta ‘GENES’ aldizkariaren editore gonbidatua ere.
60 artikulu baino gehiago argitaratu ditu, gehienak Biologia Molekular eta Genetikoaren arloan eragin handia duten aldizkarietan. 3.900 zitazio baino gehiago jaso ditu eta 17 doktorego tesi eta master amaierako 27 lan baino gehiago zuzendu ditu.
Zubiagari bere zereginetan lagunduko dioten mahaikideak ere hautatu dituzte Osoko Bilkuran eta Akademian hamar kide berri sartzea onartu da.
Eneko Bidegain eta Maria Jose Olaziregi dira kide berrietako bi. Agirre Iformatikako doktorea da eta ELLIS erakundea zuzentzen du. Olaziregi Euskal Literaturako katedraduna da eta Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria izan zen 2010-2016 aldian.
Halaber, kide urgazleen kategorian sartuko dira Xabier Barandiaran, Zientzia biologiko, kognitibo eta sozialen filosofoa eta EHUko irakaslea eta ikertzailea; Edurne Bartolome, Zientzia Politikoetan eta Soziologian doktorea; Martin Llade, kazetaria, musika sortzailea eta idazlea; eta Jon Mikel Zabala, Ingeniaritza eta Berrikuntza Proiektuetan doktorea. Irakasle titularra 2015etik Deustuko Unibertsitatean.
Kide urgazlea gazteak bilakatu dira Barbara Jimenez filosofo, irakasle eta ikertzailea, Darwinen lanaren analisi semantikoan espezializatua; Jon Lopez Gorostidi Ekonomia eta Enpresa Zuzenbidean doktorea, Fakultateko idazkariordea eta Deustuko Unibertsitateko Zuzenbideko graduaren koordinatzailea; eta Irene Gantxegi Deustuko Unibertsitateko Nazioarteko eta Kulturarteko Harremanetan doktore, irakaslea eta ikertzailea.