«Nazioa gara» lelopean, manifestazioa antolatu du larunbat honetarako EH Bilduk Bilbon, Euskal Herria «nazio bat dela» eta «errespetua» merezi duela aldarrikatzeko. Milaka «pertsona subiranista, abertzale eta independentista» bilduko direla aurreikusi du indar abertzaleak, eta beste behin ere Autonomia kalea betetzea espero du, 17.30ean hasiko den mobilizazioan.
Koalizioak jakinarazi duenez, manifestaziora Estatuko beste nazio batzuetako ordezkariak ere etorriko dira. Hala, ERC, BNG, CUP, Compromis, Mes Per Mallorca eta Comunistes de Catalunyako ordezkariak Bilbon izango dira. Marta Rovira idazkari nagusiak ordezkatuko du ERC; Ruben Cela nazioarteko harremanetarako arduradunak, berriz, BNG ordezkatuko du. Susana Moreno, Berta Ramis eta Carles Soler izango dira CUPen ordezkariak; Veronica Ruiz, Carla Nebot eta Vincent Marza Compromisen izenean etorriko dira; Lluis Apesteguia Mes Per Mallorcaren izenean; eta Nora Sanchez eta Hector Sanchez Comunistesen izenean.
LAB sindikatuak ere mobilizazioarekin bat egin du eta ordezkaritza bat bidaliko du. Sindikatuak azaldu duenez, Euskal Herriari nazio gisa «dagozkion eskubideen» artean daude, besteak beste, «lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioa izatea, euskal langileen gutxieneko soldata, lanaldia, pentsioa edota zerbitzu publikoak hemen erabakitzea».
EH Bilduk nabarmendu duenez, manifestazioa testuinguru oso zehatz batean emango da, Estatu espainol eta frantsesean «arazo nazionalen eta lurralde ereduaren» inguruko eztabaida mahai gainean dagoela, eta Euskal Herrian bertan, aldiz, estatus politiko berriari buruzkoa. Ildo horretan, aukera aprobetxatzeko unea dela uste du, eta horregatik Euskal Herria «nazio bat dela» eta «errespetua merezi duela» aldarrikatuko du Bilbon.