Elkarrizketa batetik abiatzen da ‘Iñaki Perurena. Harria bidelagun’ (Pamiela), baina ez da elkarrizketa bat bakarrik. Ordu luzetako hitz trukearen emaitza da. Euskal Herriko harri-jasotzaile ezagunenetarikoak bere ibilbide pertsonal eta profesionalak egiten duen irakurketa mamitsua da, eta, ikuspegi hau osatzeko, ibilbide horretan zehar bere ondoan izan dituen sei lagunek egiten duten analisia ere biltzen du Fermin Erbitik idatzi eta argia Pamiela argitaletxearekin ikusi duen liburuak.
«Nire ustez Euskal Herrian badira elkarrizketa luzea merezi duten pertsonak, eta horietako bat dudarik gabe Iñaki Perurena da. Euskal Herriko harri-jasotzaile ospetsuena izan da, harria jasotzea modernizatu eta kirol bihurtu zuena. Baina baita bertsozalea ere, aktorea, historialaria... gizon polifazetikoa izan da eta, batez ere, Euskal Herri osoan mirestu eta maitatua, eta hori ez da hauza erraza», ziurtatu du argitalpenaren aurkezpenean Erbitik berak.
Perurena hiztun ona dela eta liburua osatzen «gozatu» egin duela aitortu du Erbitik, batetik denetariko gaiak jorratu dituelako eta, bestetik, gai sakonetan ere ongi moldatzen den pertsona delako.
Liburuaren egituraz, lehen zatiak irakurlea Perurenaren haurtzarora daramala zehaztu du, 17 urte bete eta harriarekin hasi zen unerarte. «Leitzan sortu zen eta bere etxean lanak zuen lehentasuna. Txikitatik bazuen helburu oso argia, amets bat, harri-jasotzaile izatearena. Bitxia da, Leitzan ez zegoelako afiziorik, han pilotariak ziren eta Iñakik harria altxa nahi zuen», esan du.
Hasieran apostu batzuk egin bazituen ere, berehala bide hori utzi eta bere helburua «harria ondo jasotzea» izan zela nabarmendu du, «eta teknika bera ere aldatu zuen horretarako». Horren erakusle 1987ko mugarria, 300 kilo altxatzera iritsi zeneko unea. Helduaroko zatian telebistaz, bere aktore paperaz, euskal kulturaz... hainbat alorrez mintzatzen da eta liburua Perurenaren ingurukoen gogoetek osatzen dute.
Harriarekin «jolastearen» plazera
Aurkezpenean parte hartu du Perurenak berak. Azaldu duenez, «lana, lana eta lana» izan da haurtzarotik etxean jaso duen mezua eta, horrek, nekaezin izatera eraman du. «Garai hartan gauzak horrela ziren, ‘gizona baldin bazara familia aurrera atera behar duzu’ esaten zizuten, eta horretan ibili naiz. Erakustaldi asko egiten nituen, batetik bestera ibiltzen nintzen arratsalde berean. Gaur, ziurrenik, beste era batera egingo nituzke gauzak», egin du gogoeta.
Gaztetatik harriarekiko «pasioa» sentitu duela nabarmendu du, «eta zenbat eta zailtasun gehiago izan orduan eta gehiago gozatzen nuen. Nire ametsak egi bihurtu dira, harriarekin jolastea izan delako nire bizia», jarri du balioan Perurenak.
Fermin Erbitirekin izandako elkarrizketengatik eskertua agertu da leitzarra, eta batez ere bere haurtzaroko kontakizunak nola bildu dituen nabarmendu du: «Liburuari balore bat ematen badiot da haurtzaro hori nola marraztu duen», esan du.
Elkarrizketatzaileak bere rola betetzeko modua ere eskertu du: «Lan handia egin dugu. Eskerrak eman nahi dizkiot batez ere patxadagatik, goxotasunez hartzeagatik, eroso zaudenean ireki egiten zarelako».