Laura Rogorak udazkeneko denboraldi oso mamitsua darama. Muturreko zailtasunari dagokionez, ez du gainditu bere langa (9b/+), baina azken asteotan erakutsi du, oso sasoiko egoteaz gain, helburu batzuetan guztiz eraginkorra izaten ari dela.
Lehiak alde batera utzi ondoren, arrokan erabat murgilduta ikusi dugu. Lehen urrats esanguratsua “Goldrake” (9a+, Cornalba) izan zen. Eta azpimarratzekoa da ere “Spanish caraban” (8c, Verdon). Azken hau bistan sinatu zuen. Ia atsedenik hartu gabe, Herrialde Katalanetara bidaiatu zuen. Eguraldiarekin ez zuen zorte handirik izan, baina bisita horretatik “Estado critico” (9a, Siurana) patrikara eraman zuen.
Etxera itzuli eta azken egunak Arcon egin ditu. Eta hain zuzen ere, eskalada eskola horretan emaitza ikaragarri ona erdietsi du. Lehenik eta behin, “Bombardino” ibilbidea aukeratu zuen zeraman sasoia egonkortzeko. Bada, Rogora 9a+ maila duen ibilbide hori egun bateko jardunean kateatu du. Hain zuzen ere, lau ekinalditan. Eraginkortasun handi hori izatea oso gutxitan gertatzen da, eta, eskuarki, gizonezkoen artean ikusi dugu. Eta hori diogu soilik bi mutil gai izan direlako maila horretako bide bat egun batean eskalatzeko: Adam Ondra “Supercrackinette”-n eta Alex Megos “La Rambla”-n eta “Biographie”-n.
Bitxia bada ere, Ondra da “Bombardino” eskalatu zuen lehen eskalatzailea. Txekiarrak 9a+/b proposatu zuen, baina Stefano Ghisolfi eta Gio Placci italiarrek, hots, lehen errepikatzaileek, adostu zuten egokiagoa zela 9a+ bezala uztea. Biek ala biek bidearen giltzan metodo errazago bat aurkitu zuten.
Irakurtzen den bezala, “Bombadino”-rekin eskalatzaile italiarrak Ondraren eta Megosen ondoan kokatu du bere burua. Eta, hortaz, Rogorak egin duena historikotzat har daiteke.
Eraginkorra
Arcoko marra horretan izan zuen egunaren inguruan, Rogorak dio oso gogotsu zegoela Bus de la stria sektorean gogor estutzeko: “Ghisolfirekin joan nintzen. Nire kideak bide hori igo duenez, bikain ezagutzen ditu mugimendu eta sekuentzia guztiak. Bidearen hasiera ez da zaila: 8b/+ mailako hainbat metro eskalatu behar dira. Ondoren, helduleku oso txikiak dituen boulder tekniko bat gainditu behar da. Lehen bi saioak mugimendu horiek menderatzen saiatu nintzen; niretzat metodo onena aurkitu behar nuen. Hirugarren ekinaldian, berriz, mugimendu zailenak egin eta gero irrist egin nuen. Ordubeteko atsedena hartu nuen. Nekatuta nengoen, baina beste saio bat egitea otu zitzaidan. Eskalatzen hasi eta konturatu nintzen askoz ere eraginkorragoa izaten nintzela. Eta erorikorik gabe katera heldu nintzen”.
Antza denez, “Bombardino”-n lortutako emaitza itzel zein historiko horrek plus bat eman zion zain zuen beste xede bati ekiteko. Biharamunean, izen handia duen “Trofeo dell´Adriatico”-ra hurbildu eta bidearen “trikimailuak” ezagutzen eta askatzen hasi zen. Pare bat eguneko ekinaldien ostean, Rogorak 9a+ mailako bide hori kateatu zuen.