Illunbeko bigarren aulkia nork eskuratu duen ere jakina da jada, Alaia Martinek irabazi du igande arratsalde honetan Zarautzen jokatu den finalaurreko saioa, 544,5 punturekin eta beraz Illunben izango da Beñat Gaztelumendirekin kantuan.
Bigarren, Eneritz Artetxek egin du 519,5 punturekin, jarraian geratu dira Aner Peritz (512), Unai Mendizabal(504,5, Amaia Iturriotz (493,5) eta Eneko Araiztegi (462).
Bertsolariak aurkeztu dituztenetik berotu da Zarauzko kiroldegia, eta ohi bezala zortziko nagusiarena izaten da lehen lana. Hausnarketa interesgarriak jarri dituzte oholtza gainean, Artetxek eta Peritzek migranteen harrera elkarte batean lan egiten dute boluntario gisa, azken boladan irainak jasotzen ari dira, eta Artetxek erantzun egin nahi die, Peritzek nahiago du garrantzirik ez eman. Artetxek: «...Barrua daukat irakiten ta/ beraz ezin egon geldi/ guk horrenbeste zor baitiegu/ Aissari ta Mohamedi». Eta Peritzek hasieran esan bezala, kontatu du nahiago duela janari beroa ematen jarraitu: «Nik ulertzen dut zure haserrea/ ta hartu nahi duzun papera/ baina hori ez da daukagun zorra/ ta ideia hortatik atera/ nik segiko dut atsaldez joaten/ jan beroa ematera/ aldi berean ezin da bete/ kalea eta platera».
Zortziko txikian rola eman eta saio borobilena Martin eta Artetxek osatu dute, ekarrizketan aritu baitira bakoitzak bere ideiak landuz. Auto saltzailea izan da Martin, eta eroslea Artetxe; todoterrenoa eskaini dio lehendabizi saltzaileak eta erosleak argi erantzun, «..zure proposamena/ hobe da utzita/ todoterronorako/ nahikoa naiz ni ta». Aurrekontuaren inguruan galde orduan Martinek: «...beraz esan ezazu/ zuk lehen kolpean/ zenbat zero dituzun/ kontu korrontean». Eskaintzarekin jarraitu zuen saltzaileak, eroslea bertsolaria zela eta «...hartu twingo bat zerbait/ merke emakumea/ eman behar duzue/ itxura xumea»; eta azkenerako, garraio publikoan jarraitzea hobe izango dela ondorioztatu du Artetxek.
Hala ere ariketa honetako txalo zaparrada handiena Araiztegik jaso du, hackerraren paperetik kantatu du, Mendizabalen kutxabankeko kontuan sartzea lortu eta zera bota baitio: «...hau da Mendizabalek/ hain justu daukana/ bizar irlandesa ta/ kontu alemana». Eta hiztegiari eutsita itxi du bertsoaldia Mendizabalek:«...Ni ere hackerra naiz/ ta momentuz kaput/ control shift ta control shift/ ezabatu zaitut».
Galdutako lagun harremanak
Ganbarako lana seiko motzean da fase honetan eta honakoa izan dute gaia: «Lagun minak izan zineten, orain urte batzuk elkarrekin haserretu zineten, berriro heldu diote harremanari». Araiztegi eta Artetxek, zein Mendizabal eta Peritzek bide antzekoa hartu zuten, batek besteari bikotea lapurtzeagatik haserretu ziren lagunen paperetik.
Martin eta Iturriotz ere mutil batengatik haserretu dira, ofizio horretako bertso batzuk dakartzagu lerrootara. Iturriotzek: «Berekiko bion grina/ Aitor jo ze tipo fina/ nik nahi nuen ta zu aurreratu/ nahi gisan jakina/ lehen gure nahi ta ezina/ orain bion ahalegina/ hetero normak gu bioi ere/ egin digu mina». Eta Martinek erantzun: «...baina hautsi dugu zerrenda/ Aitor ez baitzen leienda/ eskerrak kendu genuen gure/ begitako benda». Iturriotzek sentimenduen inguruan ere kantatu du, «...Lehenago zeloen hotsa/ eta zu gabe ze hotza/ biak batera sentitzen ditut/ poza eta lotsa». Azkenerako, txupito bana hartuta amaitu dute ofizioa, eta Martinen eskakizun batekin:«.. ai amaiita neskato/ nik zu maite zaitut a sako/ zin egin daigun hau ez zaigula/ berirro pasako».
Mendizabalen bakarkakoak honakoa esan du: «Begi bat galdu zenuen 90.eko hamarkadako manifestazio batean, segurtasun indarren biktimen zerrenda berritu dute baina ez zaituzte sartu oraindik». Politikariengana eta begia galduarazi zioten poliziengana zuzendu da lehen bertsoan: «...ta bistan dago argitu gabe/ dagola egun auzia/ nik daukat begi bat gutxiago/ ta haiek ezin ikusia». Bigarrengoan beste hainbat kasu ere gogoratu ditu: «...Cabacasena pasa zen eta/ ordutik hamaika datu/ Tolosan ere inauteritan/ Xuarrena zen pasatu/ urte joan joan dira baina/ gauzak ez dira aldatu».
Peritzek bakarkakoa azalpenak emateaz nazkatuta dagoen guraso bakarraren paperetik kantatu du. Bigarren bertsoan zalantzak edota azalpenak eskatzen dizkieten horiengana zuzendu da, plaza lehertzeraino: «...baina askok hurrengoan/ zalantza modu sendoan/ ai heteroak, monogamoak/ badakit nora nindoan/ igual harritzen zarete baina/ lagunak dauzkat ondoan». Eta hirugarrengoan bere erabakian berretsi da: «Excel batean daukagu zaintza/ eta hor mila apaino/ umeak ondo harta dezagun/ goizetik ta gaueraino/ ai inguruko kritika hauek/ amaitu ezin den laino/ enaute bihurtuko ñaño/ behera makurtzeraino/ nik hala nahita ta erabakita/ harro heldu naiz honaino/ ta nahiago dut horrela egon/ zuen nobioekin baino».
SAILKAPENA:
544,5 Alaia Martin
519,5 Eneritz Artetxe
512 Aner Peritz
504,5 Unai Mendizabal
493,5 Amaia Iturriotz
462 Eneko Araiztegi