Unai Laso txapeldun, abiadurari oreka eta buru hotza gehituta

Unai Lasok Lau eta Erdiko bere lehen txapela jantzi du final gogoangarrian Peio Etxeberria 22-19 menderatuta. Partida bizi-bizian, gai izan da oreka puntu bat topatu eta garaipena bereganatzeko.

Unai Laso, pozik, azken tantoa amaituta.
Unai Laso, pozik, azken tantoa amaituta. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Askotan falta izan zaion buru hotza eta oreka erakutsiz, Unai Laso gai izan da Lau eta Erdiko final azkar eta bizian Peio Etxeberria 22-19 menderatzeko.

0-5 eta 10-14 galtzen joan arren, Bizkarretakoak ez du inoiz burua galdu eta azken txanpan aurkariak baino gehiago asmatu du.

Sei hilabetez frontoietatik kanpo eduki zuen lesioa gainditu eta urtea betetzera doanean, pilotaren Olinpoan da berriz ere Unai Laso.

Aspaldiko partez, final ikusgarria

Lehen sakearen jabe, hasieratik erakutsi du Peio Etxeberriak iazko urduritasun eta ezinegonak ez zirela errepikatuko. Kantxaren erdigunea bikain bereganatu eta airez pilota ederki mugituz, 0-5 aurreratu da markagailuan. Sakearekin ez du ikaragarri asmatu, baina bai bigarren eta hirugarren pilotakadarekin, eta zer esanik ez errematean nahiz defentsan.

Lasok lehen atsedena eskatu behar izan du, eta balio izan dio erreakziorako. Etxeberriak punpa laster galdu duen pilota bati esker eskuratu du sakea Bizkarretakoak, eta argi utzi du bera ere borrokarako zegoela. Aurkaria baino sake bizi eta motzagoekin min egin dio Peiori, eta markagailua 7-8raino parekatzea lortu du. Ordurako ikusten zen ligaxkan emandako erakustaldia errepikatzeko prest zirela bi nafarrak.

Baina hortik lehen telebista atsedenaldira iritsi bitartean Peio Etxeberria izan da nagusitzen joan dena. Hortxe iritsi dira partidako tantorik gogorrenetako bi, eta txalotuenetakoak: 8-10ekoan 34 pilotakada jo dituzte, minutu pasako tanto ikusgarria, Etxeberriak zabalean irekiz amaitu duena; 8-11koan dejada zabalean eginda amaitu du beste tanto gogor eta nekagarria. Sake batekin 8-12 aurretik iritsi da geldialdi luzera.

Atsedenetik itzuli ere hobeto itzuli da zenoztarra, 10-14 aurreratuz. Laso deseroso samar antzeman da tarte horretan, baina askotan faltan izan zaion patxada eta buru hotza erakutsiz gai izan da une zail hori gainditu eta finalean sartuta jarraitzeko.

Sartuta jarraitu bakarrik ez, jokoan nagusitzeko ere bai. Tanto luze eta piloteatuak pilatzen joan ahala, Lasoren aukerek gora egin dute. Txokoan aurkitu du bere altxorra Lasok. Peioren ezkerra bikain bilatuz, bizpahiru tanto segidan sartu dizkio ezker horman. Behin markagailua berdinduta –lehen berdinketa 14-14koan iritsi da– finalak koska bat egin du gora emozioan. Edo bi.

Sekulako norgehiagoka sinatu dute bi aurrelari nafarrek, boxeoa bailitzan, kolpez kolpe, nor lehenik eroriko. Eta borroka horretan Etxeberriak gehiago sufritu du, batez ere zabalean pilota batzuk eraman gabe utziz eta ia eginda zituen beste bi tantotan, 17-17an eta 18-17an, kale nabarmenak eginez.

20-17 aurreratu da Laso, eta izar handiek egin ohi duten legez, ez du barkatu. Historiarako geratuko da 21-18koan Etxeberriaren horma-bikoari eman dion erantzuna beste horma-biko ikusgarri batekin.

Azkenean 22-19, kaiolako lehen txapela Lasorentzat, eta gozatu itzela zaleentzat, aspaldiko partez final bikaina ikusi ahal izan dutelako. Lasoren aldeko pankarta batek zihoen moduan, “Gora Nafarroa’.