«Denboraldiaurrean egin dugun lana orain ari gara ikusten. Asko entrenatzen dugu eta oraindik ere akatsak egiten baditugu ere, segidan lortu ditugun hiru garaipen hauek dira gure saria». Horra Itziar Ariztimuñoren hitzak larunbatean Lointek Gernika Bizkaiak Basket Zaragozari 73-70 irabazi ondoren. Duela hilabete Emakumeen Endesa Ligaren zuloan ziren bizkaitarrak, baina laugarren postuan kokatu dira orain, 5-3 balantzearekin, azken hiru neurketak aurrera atera eta gero.
Bitxia da, baina gernikarren boladarik onena jokalariak bidean galdu ahala hasi da iristen. Hasteko, Taylor Mikesell estatubatuarrak utzi zuen taldea «FIBA Leihoak» jokatzen AEBtara joan eta ez itzultzea erabaki ostean. Handik astebetera, berriz, Annika Soltau alemaniar gaztea izan da klubarekin «kontratu etetea adostu» duena.
Jakina da aurten Lointek Gernika Bizkaiak ez duela Europako lehiaketarik jokatzen eta, zentzu horretan, lesioak hobeto kudea litzake aurreko denboraldietan baino. Era berean, taldeko hiruko jaurtitzaile onena zen Mikesell eta azken neurketetan Kendra Chery edo Ane Olaetak bereak eta bi egin badituzte ere kanpoko jaurtiketan hobetu nahian, bistakoa da horixe dela Lucas Fernandezek zuzentzen duen taldearen punturik ahulena.
Esaterako, Zaragozaren aurka urrutiko 12 saiakera egin zituzten gernikarrek eta birritan baino ez zuten asmatu: Laura Westerik eskoltak aurreneko erdian eta Itziar Ariztimuño antolatzaileak bigarrenean.
Ariztimuñok berak aspaldiko partez minutuak izan zituen, orkatilako arazoak gainditu eta gero. «Jokatzeko gogotsu nengoen. Partidak oso ezberdin ikusten dira kanporik eta pozten naiz taldeari lagundu diodalako», onartu zuen partidaren ostean antolatzaile bilbotarrak.
Arnasa IDK Euskotrenentzat
IDK Euskotrenek ere garaipena lortu zuen larunbateko jardunaldian: 77-73 Cadi La Seuren aurka luzapenean. Nahikoa zorte izan zuten Azu Muguruzarenek, partida 64na berdindurik zela, bost segundoren faltan, Bella Murekatete Cadi La Seuko izarrak bi jaurtiketa libre huts egin zituelako. Oro har, katalanek jaurtiketa libreetan 25 jaurtiketatik 12 baino ez zituzten sartu eta horri esker lortu zuten denboraldiko hirugarren garaipena donostiarrek.
Bazuen meritua gipuzkoarren garaipenak, Delicia Washington gabe jokatu behar izan baitzuten. Sepsi talde errumaniarraren aurka orkatila okertu zuen joan zen asteazkenean eta beste saskiratzaile batzuek azaldu behar izan ziren. Hala, Becky Massey, Alba Prieto eta Roso Buchen artean 47 puntu pilatu zituzten eta errebotean ere nagusi izan ziren donostiarrak.
Ondorioz, hirugarren garaipena altzoan –partida bat gutxiago jokatuta– hamabigarren posturaino igo dira Azu Muguruzarenak, liga hasieran trakets askoa zuzenduz.
Ezin gauza bera esan Kutxabank Araski eta Oses Construcción Ardoiri buruz, tamalez. Zizur Nagusiko taldeak bi garaipen kateatu ostean bi partida galdu ditu; azkena Kanaria Handiaren aurka, 72-54. Kanaria Handia denboraldi hasiera honetako ezustekoetako bat ari da izaten, dagoeneko bost garaipen pilatu dituelako.
Juantxo Ferreiraren taldeak Imani Tate gabe jokatu zuen beste behin eta eskolta estatubatuarraren puntuak faltan bota zituen, Joris eta Tunstullen ahaleginak ahalegin. Aurreneko eta hirugarren laurdenak emaitza berberaz, 13-17 irabazi zituen talde nafarrak, baina bigarren eta laugarren laurdenetako partzialen batura, 46-20, nahikoa eta gehiago izan zen Ardoiren lana hankaz gora botatzeko.
Azken-aurreko postuan dago talde nafarra bi garaipenekin. Kutxabank Araskik garaipen kopuru berbera pilatu du, baina uneotan jaitsiera postuetatik at dago. Hori bai, asteburuan Vigon 71-63 galdu zuen Celta aurkari zuzenaren etxean.
Made Urietarenek bigarren laurdenean 25-14ko partziala jaso zuten eta partidaren azken emaitza partzial horrek erabaki zuen. Hau da, gasteiztarrek neurketari buelta eman zioten hirugarren laurdenean, baina markagailua iraultzeko egindako ahaleginak neke handia eragin zien eta azken minutuetan larrutik ordaindu zuten. Baita Sami Hillek jaurtiketa libreen marratik izan zuen egun txarrak ere, sei ahaleginetik bakarra asmatu baitzuen.
Asteburuari begira, lan txarrak dituzte euskal taldeek. Larunbat arratsaldean Perfumerias Avenidaren kantxan jokatuko du Lointek Gernika Bizkaiak. Salamancako taldea ez da aurreko urteetan bezain indartsua, baina etxean oraindik oso talde gogorra da. Gernikarrek 18.00etan jokatzen badute, 19.00etatik aurrera hasiko da Araski eta Ensinoren arteko dema Mendizorrotzan. Sailkapeneko azkena da Lugoko taldea, 1-7 balantzearekin; ezin dute kale egin Made Urietarenek, joan den asteburuan Vigon ligako azkenaren aurka galdu eta gero.
Igande eguerdian, berriz, are lan txarragoak izango dituzte Ardoik eta IDK Euskotrenek. Nafarrek Valentzia Basket jasoko dute Arrosadian eta donostiarrek, berriz, Basket Zaragozari bisita egin beharko diote.