Udalbiltza Partzuergoak Euskal Herriko energia komunitateak harremanetan jarriko dituen bigarren mailako sarea eraikitzeko prozesua aurkeztu zuen Donostiako Kursaal aretoan aurreko ostiralean. Proiektuaren helburua da bigarren mailako azpiegitura bat sortzea, azken urte hauetan sortu diren eta abiatze bidean dauden energia komunitateentzako «baliagarria» izango dena.
Ohar baten bitartez azaldu duenez, hala, sareak «komunitateei lagunduko die izan ditzaketen beharrak asetzen, eta erronkak elkarrekin gainditzeko aukera eskainiko die, energia proiektu horiek sendotzeko».
Aurkezpenean 70 lagun inguru bildu ziren, hala nola energia komunitateak, energia munduko eragileak eta adituak, garapen agentzietako teknikariak eta Trantsizio Energetikorako Bulegoetako lagunak.
Udalbiltzako lehendakari Haritz Alberdi Arrillagak partzuergoak azken urte hauetan energia burujabetzaren inguruan egindako lanketak errepasatu zituen labur-labur, eta Legorretan iragan ekainean ospatu ziren ‘Energia komunitateak: harreman sareak ehuntzen’ topaketetako ondorioak azpimarratu zituen:
«Udalbiltza martxan jartzera doan prozesu honek, batetik, energia komunitateetatik jaso dugun beharrari erantzuten dio. Bestetik, Udalbiltzak energia burujabetzaren lanketan daraman logikari ekarpen bat egiten dio eta azkenik, gure lurraldea praktika erreal eta naturalen bidez kohesionatzen laguntzeko bultzada bat ematen dio. Uste dugu Energia Komunitateak erdigunean eta protagonista izango dituen Euskal Herri mailako sarearen osaketak trantsizio energetikoa bezalako erronka kolektiboei erantzunik aproposena eman diezaiokeela. Lanketa hori egitera goaz», adierazi zuen.
Ondoren, saretzearen onurak azaldu asmoz, Hitzar Energia Komunitateko Jone Etxeberri Agirrek hartu zuen hitza. Proiektuak Itsasondon (Gipuzkoa) bota ditu sustraiak, eta komunitateari ezinbesteko garrantzia ematen diote: «Energia komunitatea sortzerakoan konturatzen zara zeinen garrantzitsua den taldean, aipatutako komunitatean, elkarrekin lan egitea. Baliabide ekonomikoak izatea oso garrantzitsua bada ere, nekez egingo dugu aurrera komunitaterik gabe».
Sarea ehuntzen
Ekitaldiko azken aurkezpena Oihana Lorea Zabalegik (Artelan) eta Idoia Zulet Galék (Arankoa abokatuak) egin zuten. Azaldu zutenez, prozesuak arrakasta izan dezan talde eragile sendo bat osatu beharko da.
«Horretan, Euskal Herriko hainbat txokotako energia komunitateak egonen dira erdigunean, gizarte ekonomia izanen dute ardatzean, eta jakintza teknikoen bidez ahaldunduko da taldea, erabakiak elkarrekin hartzeko, hala nola ildo estrategikoak finkatzeko, gobernantza ereduaz solasteko edo sarearen forma juridikoaz eztabaidatzeko», azaldu zuten.
Prozesuak urtebete iraunen du, 2024ko abenduaren eta 2025eko ekainaren artean garatuko da. Orotara 4 saio presentzial eta 7 online saio aurreikusten dituzte. Guztia aurreikusi bezala badoa, hurrengo urteko udarako prest egonen litzateke bigarren mailako sarea.