Balenciagako langileak ez daude prest hartzekodunen konkurtsoaren aurrean etsitzeko, ezta, beraien esanetan, enpresako zuzendaritzak, Lakuako Gobernuak eta Ekonomia Ministerio espainolak eragin duten egoeraren kalteak onartzeko. Ostiralean Zumaian egingo duten manifestazio batekin mobilizazio aldi bat hasiko dute eta, era berean, instituzioekin bilerak egingo dituzte aste honetan, ontziolak etorkizuna izan dezan inplikatu daitezen. Lana badagoela ziurtatu dute, finantzazioa behar da.
Hartzekodunen konkurtsoa egingo dela iragartzearekin piztu da alarma Balenciagaren etorkizunaren inguruan, baina hilabeteak dira langileak egoera txarrean daudela. Gutxienez bost ordainsari falta dituzte jasotzeko, behargin batzuek, gehiago. «Orain arte isilik egon gara, baina nazkatu gara», agertu du LABeko ordezkariak astearte honetan, CCOO eta UGTko ordezkariekin Zumaiako ontziolaren bizkarrean eman duen prentsaurrekoan.
Sindikatuetako delegatuak eta langileak asanbladan elkartu dira, gero prentsari hartuko duten neurrien berri emateko, ez baitaude prest ontziola zaharraren itxiera onartzeko. Beraien begietara, hiru dira Balenciaga desagertze atarira eraman duten arduradunak: enpresako zuzendaritza, Lakua eta Ekonomia Ministerioa. «Errusiar erruletara jokatzen ari dira gure etorkizunarekin», ohartarazi dute.
Esplikatu dutenez, Ekonomia Ministerio espainolak kudeatzen duen Cofides funts publiko-pribatuak «apropos» aritu da pasa den urrian onartutako bideragarritasun plana oztopatzen, «Balenciararen soberakinetatik ahalik eta diru gehien hartzeko», sindikalistek salatu dutenez. Horrek eraman du ontziola hartzekodunen konkurtsora. «Lotsagarria da Madrid itxiera estrategiarekin konprometituta egotea», gaineratu dute.
Haserre daude, halaber, Lakuako Gobernuarekin, ez baitute bere jarrera ulertzen. Orain babesa adierazi dio enpresari, baina bere garaian bideragarritasun plana inpugnatu zuela jakinarazi dute. Orain, beraz, «benetako inplikazioa» eskatu diote Imanol Pradalesek zuzentzen duen exekutiboari.
Horrek, eta enpresako zuzendaritzaren kudeaketa txarrak –negoziazioetan ez ditu langileak kontuan hartu, esan dutenez–, eraman du enpresa halako egoera kaskarrera, eta ez lan-karga faltak, beharginen aburuz. Izan ere, CCOOeko ordezkariak azaldu duenez, uztailean bi barku egiteko hitzarmena sinatu baitzuen enpresak. Aterabidea, beraz, finantziazioan dago. Eta instituzioen borondatea behar dute horretarako.
Bilerak eta mobilizazioak
Bi bide ibiliko dituzte Balenciagaren eta bertan diharduten 71 beharginen etorkizuna bermatzeko: instituzioekin harremanak eta mobilizazioak.
Lehenengo bidea hasi dira jada urratzen. Astelehenean Zumaiako Udalarekin bildu ziren, eta haren babes osoa jaso dutela ziurtatu dute. Horrez gain, eguna zehazteke duten arren, Gipuzkoako Foru Aldundiko nahiz Lakuako ordezkariekin elkartuko dira asteon eta ostiral goizean, Gobernu espainolak Gasteizen duen delegazioan daukate hitzordua.
10.00etan izango da bilera hori eta, bitartean, langileek elkarretaratzea egingo dute delegaritzaren aurrean. Mobilizazioak, baina, asteazkenean hasiko dituzte, Zumaia, Getaria, Zarautz eta Aia artean egingo duten kotxe karabana batekin, baldin eta Lakuak edo Aldundiak ez badute bilera egun horretan deitzen.
Gainera, bi manifestazio indartsu antolatu dituzte. Lehenengoa ostiral honetan izango da, hilaren 29an, ‘Balenciaga ez itxi!’ lelopean. 18.00etan abiatuko dira ontziolatik, eta Zumaiako nahiz Urola Kosta osoko herritarrei babesa adierazteko eskatu diete. Abenduaren 4an, berriz, Gasteizera eramango dituzte beraien aldarrikapenak, beste manifestazio batekin.