NAIZ

Gozaldia eguna antolatu dute hainbat herritan, Euskaraldia badatorrela iragartzeko

Euskaraldia badatorrela iragartzeko, eta Euskararen Egunaren testuinguruan, Gozaldiak antolatu eta dozenaka ekintza egingo dituzte hurrengo egunetan hamaika herri eta auzotan. Tokian tokiko Euskaraldiaren enbaxadoreak aurkeztuko dituzte ekitaldietan, besteak beste.

Euskaraldian enbaxadore gisa arituko diren aurpegi ezagunak, artxiboko irudi batean.
Euskaraldian enbaxadore gisa arituko diren aurpegi ezagunak, artxiboko irudi batean. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Euskaraldiaren laugarren edizioa 2025eko udaberrian izango da, maiatzaren 15ean hasi eta 25era arte; eta hasiak dira jada Euskal Herri osoko herriak ekimena antolatzeko lanetan. Besteak beste, Euskaraldia badatorrela iragartzeko, eta Euskararen Egunaren testuinguruan, Gozaldiak antolatu eta dozenaka ekintza egingo dituzte hurrengo egunetan hamaika herri eta auzotan: hamaikakoen aurkezpenak, ginkanak, dantza emanaldiak, kantu jirak, bertso saioak, tailerrak, kultur emanaldiak, kontzertuak edota bakarrizketak.

Hala, Zizur Nagusia, Atarrabia, Lizarra, Donostia, Arrasate, Elgoibar, Soraluze, Errenteria, Mundaka, Getxo edota Erandion, esaterako, herriko eragileekin elkarlanean antolatu dituzte Euskaraldia herrian egingo dutela iragartzeko ekintza eta ekitaldiak. Ekintza horien artean egongo dira, esaterako, herrietako hamaikakoen aurkezpenak. Duela hilabete Euskal Herri mailan egindako ekitaldiari jarraipena emanez, tokian tokiko Euskaraldiaren enbaxadoreak izendatuko dituzte.

«Euskaraldiak hizkuntza ohiturak aldatzeko testuingurua eskaintzen digu, baina testuinguru hori baliatuko duten herritarrak aktibatzea behar-beharrezkoa da, eta horretarako, Euskaraldia zabalduko duten pertsonak dira giltzarria. Hori da, hain zuzen ere, hamaikakoetan parte hartuko duten herritarren egitekoa», azaldu du ohar batean Euskaraldiko koordinatzaile Goiatz Urkijok.

Hamaikakoen jendaurreko aurkezpenak egiteko Gozaldiak baliatu dituzte herriek. «Euskaraldia tokian toki antolatzen hasten garen unetik hasten gara inguruan eragiten. Hamaika eguneko ariketa antolatzeaz gain, euskararen erabilera erdigunean jartzen duen mugimendua elikatzen ari gara horrela», gaineratu du.

Mugimendua zabaltzen

Irailean abiatutako herrien izen ematea ari da aktibatzen. Dagoeneko 70 herrik baino gehiagok eman dute izena ariketan, horrela, herri horietan Euskaraldia egingo dutela lau haizetara iragarriz. Izena ematearekin batera, tokian toki euskaltzale aktibistak batu eta batzorde zein sareak osatzen hasita daude. «Lan horrek berebiziko garrantzia du, izan ere, Euskaraldia ez da 11 egunetara mugatzen den ariketa sozial hutsa, eta 11 egunetako ariketaren emaitza aurrez egindako lanaren araberakoa izango da», nabarmendu du Urkijok.

Euskaraldiko koordinatzaileek argi dute ariketaren eraginkortasuna, hein handi batean, sortzen den giro eta mugimendu sozialari lotuta ere badagoela. Hori dela eta, laugarren edizioan «egiteko moduetan» arreta berezia jarriko dute. «Ezinbestekotzat ditugu sortuko ditugun harremanak, bilatuko ditugun konplizitateak eta eraikiko ditugun erlazioak. Aurrez aurreko harremanak eraikiz, elkar mugitzea da ideia, nik zu mugituko zaitut eta zuk ni, euskararen erabileran eragin nahi dugunon guztion mugimendua eraikiz», dio.

Herriz herri sortzen ari den mugimendu horrek herritarrak ez ezik, herriko entitateak ere inplikatu nahi ditu. Laugarren edizioan ere, era guztietako elkarte, komertzio, erakunde edota enpresek ariketan parte hartzeko aukera izango dute, euskararen erabileran aurrerapausoak emateko bide ezberdinak jorratuz. Entitateek Euskaraldian izena emateko aukera zabalik dute jada www.euskaraldia.eus webgunean.