NAIZ

Unrwak jasoko du Ignacio Ellacuria saria, palestinar errefuxiatuen aldeko lanagatik

Unrwa Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentziak jasoko du Lakuako Gobernuak eskaintzen duen Ignacio Ellacuria saria, «bakearen eta palestinar errefuxiatuen duintasunaren aldeko lanagatik».

Unrwa agentzia, elikagaiak banatzen Khan Youniseko errefuxiatuen eremuan.
Unrwa agentzia, elikagaiak banatzen Khan Youniseko errefuxiatuen eremuan. (Abed Rahim KHATIB | EUROPA PRESS)

Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentziak, Unrwak, jasoko du aurten Lakuako Gobernuak eskaintzen duen Ignacio Ellacuria saria, «bakearen eta palestinar errefuxiatuen duintasunaren aldeko lanagatik».

Palestinar Herriarekiko Elkartasunaren Nazioarteko Egunaren bezperan eman du sariaren berri eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasuneko Euskal Agentziak.

Ohar batean azaldu duenez, epaimahaiak saria eman nahi izan dio Unrwari «Palestinako herriarekin etengabeko gatazken testuinguruan 75 urtez izan duen konpromiso, ibilbide eta dedikazioagatik». Unrwak, gainera, «Palestinako herritarrekin justiziaren eta giza eskubideen alde egiten duen zuzeneko lanaren alderik gizatiarrena» nabarmendu du.

Epaimahaiaren iritziz, NBEren Agentziak merezi du Ignacio Ellacuria saria jasotzea, «desagertzeko benetako arriskuagatik; izan ere, Palestinako herritarrei babes eskubidea eta beren lur eta etxeetara itzultzeko eskubidea kentzea ekarriko luke», Unrwa pairatzen ari den kriminalizazioa aipatuz.

Unrwa Nazio Batuen Asanblada Orokorraren agindupean sortu zen 1949an, Palestinako errefuxiatuei laguntzeko programak sustatzeko. Hasiera batean aldi baterako izan zen, baina 75 urteren ondoren, Agentziak lanean jarraitzen du errefuxiatu palestinarren ongizaterako, giza garapenerako eta babesteko zerbitzuak eskaintzen. Palestinarrak munduko errefuxiatuen bostena baino gehiago dira.

Gaur egun, Jordanian, Libanon, Sirian eta Palestinako lurralde okupatuetan jarduten du, Gaza eta Zisjordania eta Ekialdeko Jerusalem barne. Unrwak oinarrizko zerbitzuak ematen ditu: hezkuntza, osasuna, gizarte zerbitzuak, mikrokredituak, kanpamenduen azpiegitura eta hobekuntza, errefuxiatuen eskubideen babesa eta laguntza humanitarioa eta larrialdietakoa.

33.000 langile ditu guztira, eta horietatik %99 palestinarrak dira.

Guztira, kalkulatzen da agentzia hori dela Gazako Zerrendako erantzun humanitario guztiaren %60aren erantzulea. Azken hilabeteetan, eta euskal erakunde publikoen finantza ekarpenarekin, Unrwak irina eta ura banatu ditu edo osasun zerbitzuak eskaini ditu, besteak beste.

Nolanahi ere, Unrwa egoera kritikoan dago, izan ere Israelgo Parlamentuak debekatu egin dio Israelen edota lurralde okupatuetan jardutea. Gainera, Armada sionistak azken urtean Unrwaren eskolei eraso egin die eta erakunde horretako 200dik gora langile hil ditu. Gazatik behin betiko egoztea du helburu Netanyahuren Gobernuak.

Ignacio Ellacuría Sariaren helburua da publikoki aitortzea herrien artean berdintasuna eta justizia sustatzen, pobrezia gainditzen eta ekarpen hori hedatzen laguntzen duten pertsonei, antolakundeei, taldeei edota ekimenei. Era berea, sariak ekimen hori ezagutaraztea eta gizartea sentsibilizatzea ere du helburu. Eusko Jaurlaritzak ematen du eLankidetza- Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren bidez.