NAIZ

Asier Nietok azken jokaldian sartutako gol batekin irabazi du Bidasoak Benidormen aurka (31-30)

Azken jokaldian erabaki da Artalekuko partida, Asier Nietoren golari esker, eta orain Iruñean jokatuko den Helvetia Anaitasunaren kontrako derbiari begira jar daitezke irundarrak.

Asier Nieto, partidako protagonista.
Asier Nieto, partidako protagonista. (Arrate MORALES | BIDASOA IRUN)

Bidasoa Irunek gogotik lan egin behar izan du larunbat honetan Artalekun bi puntuak etxean geratzeko, Servigroup Benidorm mendean hartuta (31-30). Bi taldeetako batek ere ez du lortu partida osoan hiru tantora urruntzea, eta horrek agerian uzten du zein parekatu egon den norgehiagoka. Azken jokaldian erabaki da lehia, Asier Nietoren golari esker. Horrela, bi puntu oso garrantzitsu lortu dituzte bidasotarrek Asobal Ligan gora egiten jarraitzeko.

Lehen zatian, kanpokoen hasiera on baten ondoren, non alderik handiena lortu duten (3-5), bigarren zatian errepikatuz (15-17 eta 16-18), Alex Mozasen taldeari buelta ematea egokitu zaio. 7-6koarekin bidasotarrek aurrea hartu dute markagailuan, baina Alacanteko taldearen errimo altuaren ondorioz, horikoek ezin izan dute euren jokoa zabaldu.

Atsedenaldiko 15-14koarekin, bigarren zatiaren hasieran Benidorm aurretik jarri da eta gipuzkoarren garaipena arriskuan jarri du. Berdintasuna azken momentura arte islatu da eta markagailuan 30nako berdinketarekin, etxeko entrenatzailearen hutsartea ederki aprobetxatu da, Asier Nietok 31-30koa sartu baitu azken segunduan.

Partida honen ondoren, Bidasoa Iruni lau partida geratzen zaizkio Asobal Ligako lehen itzulia amaitzeko. Hurrengo norgehiagoka euskal derbia izango da, Helvetia Anaitasunaren aurka, Iruñean (azaroak 8, igandea, 18.30ean). Artalekuko hurrengo partida abenduaren 13an, ostirala, izango da, Valladoliden aurka (20.45ean).

PARTIDAKO FITXA:

31 - Bidasoa Irun (15+16): Maciel, Gey-Emparan (1), Esteban Salinas (6), Mujika (2), Boskos (2), Gorka Nieto (1), Dariel Garcia (3); Skrzyniarz, Cavero (5, 3 pen.), Jevtic (1), Zabala, Furundarena, Rodrigo Salinas (2), Asier Iribar (1), Pacheco (2) eta Asier Nieto (5).

30 - Servigroup Benidorm (14+16): Witkowski, Oliver, Zhukov (1), De Angelis (3, 3 pen.), Martinez (2, 1 pen.), Durovic (1), Roca (8); Domenech, Vainstein (1), Sempere (3), Zarikos, Vila (1), Valles (6, 1 pen.) eta Abdoulah (4).

Partzialak: 3-3, 7-6, 9-8, 10-10, 13-12, 15-14 (atsedenaldia), 15-17, 18-18, 21-21, 24-23, 28-27 eta 31-30.

Epaileak: Colmenero Guillen eta Rollan Martin. Bidasotarren aldetik, Boskos, Pacheco, Furundarena eta Cavero bi minutuz zigortu dituzte. Benidormeko taldearen aldetik, Durovic, Sempere, Zhukov, Vainstein (2) eta Roca.

Gertakariak: Asobal Ligako hamaikagarren jardunaldia, Artalekun ospatutakoa 1.724 zaleren aurrean. Partidaren atarian, Gurutz Aginagalde CD Bidasoako presidenteak Irungo Gurutze Gorriari eman dio Bidasoa Irungo jokalarien kamiseten enkante solidarioaren diru-bilketa. Guztira 1.963,48 euro bildu ziren Valentziako Erkidegoko DANAko kaltetuentzat.