AEBak ulertarazteko helburuarekin idatzi du Mikel Reparaz kazetariak ‘Amerikaren arrakala’ lana Alberdaniaren eskutik. 2021ean Euskadi Saria jaso zuen ‘Las grietas de America’ liburuaren egokitzapena da. Ez da euskaratzea soilik, azken lau urteotan gertatutakoekin eguneratu baitu. Gaurkotze horren adibidea, Donostian egin duten aurkezpenean Reparazek kontatu duena. Liburua inprimatzeko data Donald Trumpek hauteskundeak irabazi zuen egunerako zuten, baina emaitza horrek argitalpena atzeratzera behartu zituen. «Errotatibak gelditu genituen», azaldu du. «Aurrekoaren bertsioa da, ez itzulpena», nabarmendu du.
Izan ere, AEBetan gertatzen denak mundu osoan du eragina, eta are gehiago Europan. Joseba Sarrionandiak botatako «Europa estatubatuarra da» gogoratu du. Hori dela eta, AEBetako politika gertutik jarraitzea ohikoa izan daitekela adierazi du Reparazek. Hango jendartean gertatzen dena ezagutzea, ordea, zailago izaten ohi dela gaineratu du. «Konplexua da», azpimarratu du.
AEBak deskribatzeko garaian «anitza» hitza erabili du Reparazek, baina herrialde horren muinean gatazka dagoela nabarmenduz. AEBak etorkinek eraiki zutela esaten ohi da, eta egia da hein handi batean. Baina eraikuntza horien beste zutabeak beltzen esklabutza eta jatorrizko herrien suntsipena ere badirela gogoratu du.
Arrazismoaren oinarria
Rosa Parksek Alabamako Montgomery hirian soilik txuriendako zen eserlekutik altxatzeari uko egin zionetik ia 70 urte pasa direla gogoratu du Alberdaniako Oier Etxebestek. Gaur egun ere, arrazismoa AEBetako gaitz nagusietako bat da eta hori kontatzeari ekin dio Reparazek, EITBrentzako kazetari lanak 50 estatuak bisitatzera eraman duela aprobetxatuz.
Arrazismoaren errealitate hori kontatzeko istorioak erabili ditu, kaleidospioaren antzera. Horrela, Baltimorren poliziak gazte beltz bat hil zuela kontatzen du eta baita ehunka supremazista txurien manifestazio batek eragindako hiketa, Aritz Galarraga editoreak azaldu duenez.
«AEBetako politika, ekonomia eta kultura azaltzeko eta guregan duen eragina aztertzeko gida-liburua bezala planteatuta dago lana», esan du Reparazek.
Trumpismoa, nagusi
Lehenengo bertsiotik hona Trumpen bigarren garaipen elektorala gertatu da. «Trumpismoa mainstream da une hauetan», azaldu du. AEBtako egoera azaltzeko metafora hau erabili du: «Bi zinema areto daude. Bakoitzean filme desberdin bat proiektatzen ari dira. Areto batekoek ez dakite zer ari diren ikusten beste aretokoek. Ez dute elkarrekin hitz egiten. Batzuek Fox News-en filmea ikusten dute. Besteek CNN edo ‘New York Times’-en pelikula. Azken hau ere guregana heltzen da. Lehengoa ez da heltzen».
Trumpismoa dagoeneko Europara heldu dela nabarmendu du Reparazek. Italian, Estatu frantsesean, espainolean eta beste herrialde ia guztietan eskuin muturrak gora egin du azken urtetotan eta Etxe Zuriko agintari berriarekin joera hori indartu egingo dela aurreikusi daiteke. Honekin batera, Trumpen bigarren garaipenak eragina izango du nazioarteko politikan (Ukrainan, Gazan edo Txinan) eta Europako jendartearen politikan, ekonomian eta kulturan ere aldaketak ezarriko ditu.