Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Azokako makineriak martxan jartzen dituen istorioak

Plateruenarako bidean utzi dugu Goiatz Pelaez, doinu frogak gainbegiratzera zihoala. Azokako antolaketaren arduraduna da eta, Garazi Arrula editorea edo Behe Banda bezala, kulturaren plaza honen «makineria» koipetzen harrapatu ditugu. Helmuga, biharko ateen irekiera: ostegunak 5, 10:30etan.

Goiatz Pelaez eta, atzean, Landakon dagoen mugimendua.
Goiatz Pelaez eta, atzean, Landakon dagoen mugimendua. (Oskar Matxin Edesa | FOKU)

59. edizioaren bezperan, Durangora sartzean ez dugu Azokaren «usain» berezirik hartu. Prestaketa lanetan sartuta daude antolatzaileak –aparkalekuen seinalizazioa atontzen ari da eta garbiketa lanak areagotuko direla iragarri du Udalak, esaterako–, baina, herritarrengan, asteazken baten baten egunerotasunaren normaltasuna da nagusi: erosketak egiten, haurren bila eta adinekoen zaintza eginez, eguraldi ona lagun, Landakoko plazan dagoen mugimendua lasaia da.

Baina, eraikinera sartzean, agur normaltasunari. Eta agur, lasaitasuna. Azokaren 59. edizioaren hasierarako ordu batzuk baino falta ez dira: zehazki, ostegun honetan goizeko 10:30etan zabalduko ditu ateak igandera arte irekita egongo den edizio berri honek. Egun bat gutxiago izango du aurten; beraz, dena kontzentratuagoa egongo al da?

Kaxen artean, lanean

Gerediaga elkarteak berak eman zituen datuak: edizio honek 200 ekitaldi eta 274 erakusmahai hartuko ditu. Landakoko eraikuntzara sartu eta aurkitu dugun lehen aurpegi ezaguna Garazi Arrula idazlea eta Txalaparta argitaletxeko editorea izan da. Goizean goizetik ari da lanean jo eta fuego Tafallako argitaletxeko lantaldea, aurten berriz hartu dituzten bederatzi erakusmahaiak prestatzen; horietatik bi haurrei zuzendutako lanak hartzen dituzte eta beste guztiak helduen literaturako erabiltzen dira. Zazpi lagun arituko dira lanean Azokan, horietatik bik editoreak, Ane Eslava  eta Garazi Arrula bera.

Azokak aurretik prestaketa lan handia eskatzen du. Irailetik ari dira honi begira: «Egia esan, sistematizatuta daukagu lana, eta badakigu logistikan zer behar dugun: prezintoak... kuterrak, nahiz eta lelokeria bat dirudi, baina ahaztu egiten zaizu gehienetan», aitortzen du editoreak.

Kaxen arteko eguna, gaurkoa. (Oskar MATXIN / FOKU)

 

Nola aurreikusten du Garazi Arrulak aurtengo edizioa? «Azken urteetan gertatu zaigu banatuagoa dagoela salmentena. Agian hori ere gure hautuagatik izango da, zerk ekartzen dugunaren arabera, baina lehen gehiago zen titulu bat edo bi eta horiek mugitzen ziren batez ere, baina azken urteetan interesa banatuago dago». Txalapartan bertan azken urteetan sartu diren haize berrien adierazle izango da, baina euskarazko ekoizpenek indar handiagoa hartu dutelakoan gaude gu. «Agian aldea ez da hain handia gaztelania eta euskararen artean, gure eskaintzan, baina salmentetan nabaritzen da azken urteetan. Azken bi urteetan, behintzat, hamar titulu salduenen artean zortzi izanen dira euskaraz», azpimarratu du.

«Eraikina txiki gelditzen ari da»

Kaxen, palet, liburu eta landareen artean –letxugak ikusi ditugu erakusmahai batean– igaro ondoren, iritsi gara Landakoren erdira edo «bihotzera». Han baitago Goiatz Pelaez, Gerediaga elkarteko partaidea eta Azokako produkzioko arduraduna, egun hauetan egiten zaizkion milaka galdera, eskari eta kexei –«denetatik dago, etxe guztietan bezala»– erantzuten, kasu egiten. Berak ireki eta itxi egiten du eraikina, eta Azoka osoan zehar adi dago telefonoari eta sortzen zaizkien arazoei. Bezperako egun hau da, aitortzen du, gogorrena.

«Hau da bere laugarren Azoka, lehen bisitaria nintzen eta nik Azoka disfrutatu dut betidanik. Nik lan taldea koordinatzen dut, Azokarako lanean dauden gazteak, eta espazioak ere: esaterako ze tramankuluak behar ditugun, edo zein materialak, aulkiak, mahaiak..», esaten digu Durangon bizi den otxandioar honek.

Lau egun intentso eta bizi hauen antolaketak urte osoko lanketa behar du. Eta egindako lan horren ondorioz, urtetik urtera, nabaritzen da Azoka handitzen doala. «Bai, handitzen ari da, eta eraikina txiki gelditzen ari da. Pena da, txiki gelditu delako. Pilatuta gaude eta Durangon dauden gunean ere ez dira asko... espazio falta dago. Guk baditugu ideia batzuk, baina beste aurrekontu itzel bat ekarriko luke», aitortzen du.

Bisitarien aforoa gainditzen denean, esaterako, ateak ixten dituzte: «Seguruenik bihar gaindituko dugu. Ate bakoitzean kamara bat dago, eta momentu oro dakit sartzen eta ateratzen den kopurua. Gerturatzen ari garenean topera, iristen zait mezu bat. Langile guztiak walkiak ditugu, eta horrela ibiliko gara: ateak ireki eta ateak itxi», dio Pelaezek.

Eta aitorpen bat egiten digu: «Guk nahi duguna da Azokarik onena ateratzea eta bisitariak kultura zainetan sartzea. Niri bizipoza ematen dit honek. Lan hau oso estresantea da, eta buruhauste handiak ditu, baina Plateruenan ere egin nuen lan, eta adrenalina puntu horrek niri bizipoza ematen dit».

Behe Banda, Ahotseneako gazteak

«Bunkerra» deitzen diote, Azokakoek, Ahotseneako literatura aurkezpenak hartuko duen eraikin berriari. Kontserbatorioa obretan dagoenez, Landakoko albo batean, kontainerrekin egindako egituratxo bat eraiki dute. Bihartik aurrera, han hasiko dira «lanean» Behe Banda kolektiboko idazle gazteak.

«Idazleei kasu egin eta aurkezpenetan hori kudeatzen ibiliko gara. Ilusionatuta gaude, gogoarekin, idazleak eta beraien lana ezagutu ahal izango ditugulako beste ikuspuntu batetik», dio telefonoaren beste aldetik Irati Fernandez De Okariz Irureta gazteiztarrak.

18 eta 20 urteren arteko 5-6 idazle gaztek osatzen dute Behe Banda, iaz sortu zen kolektiboa. Euskal letretan dagoen bandaren tradizioa eguneratuz –Pott eta ITU bandak, batik bat–, Urruzuno literatura lehiaketaren egonaldi batean elkar ezagutu ondoren, literaturaren bueltan dihardutenen arteko hartu-emana indartzea dute xede. Idaztea, kontrakoa pentsatzen den arren, ez delako bakarkako lan bat.

Iazko Azokan «modu klandestino batean» egon ziren, atera zuten lehen fanzinea erakusmahietan eta jendearen artean zabaltzen ibili zirelako. Aurten, Ahotsenean izango dira, faltan botatzen duten ideien elkar trukaketa errealitatea bihurtuz. Web orrialde bat daukate, baita ere Instagram eta X-en perfilak, «gure helburu bat gure generaziora iristea baita. Gaur egun jende gutxik irakurtzen baitu eta sare sozialen bidez generazio horretara iristea espero dugu», dio.

Gutxi irakurtzen al dute gazteek? «Bueno, azken aldian sortu dira Gaztetxe askotan irakurle talde alternatiboak. Gasteizen, esaterako, Azpimarra irakurle taldea dago», aitortzen du.