NAIZ

Ebakuntza egingo diote Bryan Zaragozari, Bayernek eta Osasunak horrela adostuta

Bryan Zaragoza, Sevillako jokalariei izkin eginez Pizjuanen, kolpea jasan aurretik.
Bryan Zaragoza, Sevillako jokalariei izkin eginez Pizjuanen, kolpea jasan aurretik. (AFP7 via Europa Press)

Sevillako norgehiagokan oin baten hatzamarrean haustura jasan zuen Bryan Zaragoza Osasunako jokalariak, eta kirofanotik pasako dela iragarri dute astearte honetan. Municheko Bayernek eta Iruñeko klubak batera hartu dute erabakia, aurrelari andaluziarra Alemaniako taldeak utzita dagoela Osasunan jokatzen.

Vicente Morenorentzat galera garrantzitsua da, bi eta hiru hilabete zelaietatik kanpo egongo dela aurreikusten baita. Lesioa Iker Muñoz taldekideak Ligako bigarren partidan jazo zuenaren antzerakoa da eta bi hilabete baino gehiago izan da jokatu ezinean Villafrancako erdilariak.

Iruñean egingo diote ebakuntza Bryan Zaragozari, Nafarroako Clinica Universitaria delakoan. Suminduta ageri zen jokalaria Pizjuanen, lesioaren larritasuna nonbait aurreikusten zuelako, eta mezu hau utzi du gaur sare sozialetan.

 

Gorantz ari zen aurrelariaren maila azken partidetan. Sevillaren aurkakoan jokaldi politak egin zituen, berezkoa duen estiloan, baina ezin izan zituen borobildu. Egia da orain arte gol bakarra lortu duela elastiko gorriarekin, Barcelonaren aurka, ikusgarria, baina orokorrean oparoa denboraldia bai berarentzat (espainiar selekziora itzuli da berriz) bai taldearentzat (Europako postuetan da Osasuna, 23 puntu batuta jada).

Sevillan heldu zaie albistea haren alderdikideei asteazken honetan. Bertan entrenatu ondoren, asteleheneko Ligako partidaren ostean, Ceutarantz abiatu dira, itsasontziz, ostegunean RFEFko Lehen Mailan dabilen taldeari Kopako norgehiagokan aurre egiteko (19.00). Zaila aurreikusten da kanporaketa, Ceuta zozketan lehiakideen artean ziren klub indartsunetakoa baita. Gertatzen dena gertatzen dela, azkar itzuli beharko dira jokalariak Iruñera ostiralean, Penintsula osoa zeharkatuz, igandean Sadarren Alaves izango dutelako aurkari, 18.30tan hasita.

Pizjuanek albiste txarra ekarri zion ere Bryan Zaragozaren ordezkoa izan zatekeenari: Jose Arnaiz ere ondoezik itzuli da Iruñera, giharretako arazoak tarteko. Kike Barjak izan lezake aukera Ceutan, ezkerreko hegal horretan; bere lesio luzearen ondoren hasierako hamaikakoan sartzen den lehenengo aldia litzateke.