NAIZ

‘Etxebizitza larrialdia Euskal Herrian, konponbidea nondik?’ jardunaldia TM eLaben eskutik

Euskal Herrian dagoen «etxebizitza larrialdiari» erreparatuko dio, irtenbideak bilatuz, Telesforo Monzon Euskal Herrigintza Laborategiak, hilaren 16an Donostiako Tabakaleran egingo duen jardunaldi berezi batean.

Lasarte-Orian eraikitzen ari diren etxe berriak.
Lasarte-Orian eraikitzen ari diren etxe berriak. (Maialen Andres | Foku)

«Etxebizitza herritarren lehentasunezko kezka da, ez bada nagusia, egun etxebizitza eskubide izatetik oso urrun baitago. Europa mailako emantzipazio adin altuenetarikoa dago Euskal Herrian, etxebizitza gastuetara bideratu beharreko errentaren zatia gorantz doa etengabe eta euren auzo zein herrietan bizitza proiektua garatu ezin duten herritarrak gero eta gehiago dira. Une honetan, herritarren txirotze orokortuaren arrazoi nagusienetarikoa da etxebizitza prezioen garestitzea». Errealitate honi erantzunak emateko asmoz, hausnarketarako jardunaldia antolatu du TM eLabek Donostian, hilaren 16an.

«Egoera hau urteetan garaturiko politika zehatzen ondorio da», ekarri du gogora laborategiak. Hau lantzeko Alejandro Inurrieta Beruete, Madrilgo Udaleko PSOEko zinegotzi ohia, Etxebizitza Ministerioko Alokairu Sozietate Publikoko presidentea eta Ekonomia eta Ogasun Ministerioan Ekonomiako Estatu idazkariaren aholkulari ohia ekarriko du Donostira.

Mahai inguru batean bilduko dira gero Ainize Butron Alda etxebizitza eskubidearen aldeko elkarteko ordezkaria; Iratxe Delgado LAB sindikatuko Ekintza Sozialeko kidea; eta Karlos Renedo, Hiritik At-eko kidea, Hiri Politiketan eta Hirigintzan «aditu eta aritua».

Ondoren, bigarren mahai inguruan egungo egoeraren argazki bat osatuko da, iragarri du TMLabek, Euskal Herriko hiru administrazio esparruei erreparatuz. Lola Eslava EH Bildu Nafarroako udalgintzako arduradunak; Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak; eta Felipe Aramendi Urruñako auzapeza eta Euskal Hirigune Elkargoko kontseilu exekutiboko kidea mintzatuko dira bertan.

Bide horretan sakonduz, «alokairuko etxebizitza parke publikoa handitzeko aukerak, euskal erakundeek etxebizitzaren alorrean eskaintzen dituzten tresnak eta burujabetza osoa ez izatearen ondorioak aztertuko dira, besteak beste», Tabakaleran. «Etxebizitza larrialdiari heltzeko estrategia integral baten beharra azalduko da, merkatua arautu eta Euskal Herriko instituzio zein jendarte zibilaren indarrak artikulatzen asmatuko duena», erantsi du laborategiak.

Jardunaldia goizeko 10:00etan hasiko da eta eguerdiko 14:00ak arte iraungo du, Donostiako Tabakalerako, Z aretoan burutuko da eta parte hartu ahal izateko izena emateko beharra dago.