NAIZ

Greba mugagabea mantenduko dute Merkal Calzadosen, dagoeneko 200 egun bete direnean

ELA sindikatuak jakinarazi duenez, Merkal Calzadoseko langileek greba mugagabea mantentzea erabaki dute. 200 egun daramatzate protestan, eta honela jarraituko dute, «enpresak uko egin diolako plantillaren eskaerak jasoko dituen hitzarmen propioa negoziatzeari».

Merkal Calzadoseko langileek 200 egun daramatzate greban.
Merkal Calzadoseko langileek 200 egun daramatzate greban. (Gorka RUBIO | FOKU)

Gipuzkoako Merkal Calzados enpresako langileek 200 egun daramatzate greban. ELA sindikatuak nabarmendu duenez, egoera hau luzatu egiten ari da «enpresak uko egin diolako plantillaren eskaerak jasoko dituen hitzarmen propioa negoziatzeari».

«Ordutegiek ez dute asteko atsedenerako eskubidea errespetatzen eta enpresak ez du aitortzen langileen antzinatasuna», nabarmendu du sindikatuak ohar baten bidez.

Dagoeneko 200 egunez luzatu den egoera honetan, «hitzarmen kolektibo duin bat» aldarrikatu dute langileek. «Negoziazioetan aurrerapen batzuk lortu diren arren, gatazkak geldirik jarraitzen du, enpresak proposamen onargarririk ez duelako egin». Gauzak horrela, ELAk greba mugagabea mantentzea erabaki du.

Gatazka hasi zenetik, sindikatuaren hitzetan, helburu nagusia «argia» izan da: «hitzarmen kolektibo duina lortzea. Aldarrikapen nagusietako bat antzinatasun plusa ezartzea da. Plus hori konpentsazio ekonomikoa izateaz gain, ibilbide profesionala, ahalegina eta esperientzia aitortzea ere bada, eta enpresak ez du hori aintzat hartu nahi izan orain arte. Gainera, atsedenerako eskubidea errespetatuko duten ordutegiak ere airean jarraitzen dute».

Enpresarekin azken aldiz azaroaren 15ean izan zen bilera. «Bertan argi geratu zen ez dagoela prest gatazka honi irtenbidea emateko», adierazi du sindikatuak. Egoera horren aurrean, ELAk lanean jarraituko du negoziazio bat ireki dadin eta gatazka hori konpon dadin. Bien bitartean, grebak eta mobilizazioek aurrera jarraitzuko dutela baieztatu dute.