Ikatz-ziriaren xuxurla
Joan den urriaren 24an aurkeztu genuen ‘Murmur’ albuma Markina-Xemeingo udalbatza aretoan. Peru Abarka Lehiaketaren zigilua darama liburuak azalean, eta kontrazalean, berriz, urezko mamu bat, bizi-bizirik dagoena. Bizpahiru aste lehenago jaso genuen etxean Raquel Samitier ilustratzaileak eta biok. Erein argitaletxeko kartoizko kaxa zabaldu berritan idatzi zidan berak Iruñetik: «Jaso al duzu, Ane?». Zain igaro nituen hurrengo egunak, postariak etxeko txirrina noiz joko, eta azkenean bai, azkenean heldu zen kartoizko kaxa Lekeitio puntaraino ere. «Jaso dut», idatzi nion. «Zoragarri gelditu da», eta bihotz urdinez osatutako ilara luze bat. Audio bat ere bidali nion jarraian, sentitzen nuen poza ahotsean errazago kabituko zitzaidalakoan.
Nago ez dagoela hilabeteetan zirrimarratu, hausnartu, eraldatu, zalantzan jarri, deformatu, orraztu eta are arnastu duzun hori lehenengoz esku artean izatearen parekorik. Aldez edo moldez, prozesu osoa daramazulako soinean inskribatuta, bere argi-ilun, atzera-aurrera eta gorabehera guztiekin. Koaderno izkinetan nahiz mugikorrean pilatutako oharren anabasa, denborarekin word dokumentu bihurtu eta ezin konta ahala bertsio izango dituena, azkenik pdf itxi bilakatzeraino. Ez dakit nori aditu nion denbora izan ohi dela ia beti sorkuntza-lan bati azken puntua jartzen diona. Arrazoi osoa zuen. Inprentatik igarotzeak egiten du prozesua burutu, aldaezin, fisiko eta ukigarri. Niretzat, ederrenetan ederrena da labetik atera berri den paperaren usaina. Liburua erdiz erdi zabaltzearekin bat sudurzuloak pizten dizkizuna. Ahalko balitz, luzaroan geratuko nintzateke usain horretan.
Hitzezko murmurra
Testuaren lehen paragrafoan baino ez da ‘murmur’ hitza agertzen. ‘Euri hotsa dakar irratiaren murmurrak’. Hiztegiaren arabera, marmarra da murmurra; xuxurla. Narrazio labur honetan, ordea, hasteko eta behin, uraren soinua adierazten du. Idazten hasterako honako ariketa egin nahi izan nuen, besteak beste; urarekin loturaren bat zeukaten hitzak zerrendatu nituen. Xirripa, kanila, hezetasun, itogin, busti, uholde, ito, putzu, latsarri, eskafandra… Irakurleak horietako asko eta asko topatuko ditu testuan. Mundu semantiko bat sortu nahi nuen propio, giro heze jakin bat, narrazioaren zokondo oro blaituko zuena, lurrazpiko erreka batek nola.
Lurrazpiko errekatik asko izan ohi du nire sortzeko moduak ere. Esango nuke Itoitzen gertatu zenak betitik izan duela inpaktua nigan. Ez dakit zehazki noiz izan nintzen lehenengoz inguru hartan, nork kontatu ote zidan han jazotakoa, nola transmititu ote zidaten bizitakoaren bortitza... Paisaia bai, haatik, ondo gogoan daukat paisaia desolatu hura. Urtegiaren aurkako pintadaren bat ere badaukat akorduan, ikusi ikusi izan dudana, seguru, nahiz eta ez naizen oroimenera datorkidan harrizko horma margotua inon kokatzeko gai. Liburuko protagonistari –Iratiri– gertatu moduan, niri ere irratian entzundakoek mugiarazi zidaten barrua behinola. Ez dut uste berez argi nuenik noizbait Itoitzen erruz urperatutako herriei eta bizitzei buruzko zerbait idatziko nuela baina, bat-batean, ordura arte nire garunean atzeko plano galduren batean egon zenak lekua hartu zuen aurrealdean. Gero eta aurrealderago. Gainez egin zuen lurrazpiko errekak eta kanpora atera zen, gainazaleraino. Eta, ezinbestean, forma ematen hasi nintzaion.
Albistegietan entzun nuen testuan bertan hitzez hitz aipatzen den notizia. ‘Hogei urtez galdutzat jotako Artozkiko artelan batzuk solidarioen eskuetan daude berriro’. Krak moduko bat izan zen niretzat eta, sorkuntza prozesuetan gertatu ohi zaidan moduan, gaiarekin obsesionatu nintzen tarte batez. Dokumentatzen hasi nintzen, belaki bihurturik. Gaiari adi-adi bizi nintzen, nondik eta zer harrapatuko. Halako batean, zorionez, Ingeborg Irati Diez Elizalde antropologoari egindako elkarrizketa batekin egin nuen topo sarean. ‘Cuando la sangre se convierte en agua’ izeneko ikerlana aletzen zuen bertan. Bihozkada bat sentitu nuen. Bere kontaktua lortu eta, ez bat eta ez bi, idatzi egin nion buruan zerbait banerabilela eta bere ikerlana igorriko ote lidakeen galdetuz. Beso zabalik erantzun zidan.
Uraren soinua adierazteaz gain, bestalde, murmurra izan liteke narrazioko protagonista diren ama-alaben arteko harremanaren isla ere. Alabaren eta amaren arteko isiltasun, inkomunikazio eta esanezinak biltzen ditu, nolabait. Izan ere, narrazio laburra da, kimatze-lan handia izan duena. Agertzen den hitz oro oso pentsatua izan da aurrez, eta zerbaitegatik agertzen da agertzen den tokian. Hala, elipsiak lekua hartzen du testuan, esaten denaren eta esaten ez denaren arteko orekan.
Irudizko murmurra
Narrazio laburra izanagatik, testuak badauka halako sakontasun bat. Irakurleak aise aurkituko dizkio geruza desberdinak, eta Raquel Samitierren ilustrazio lana giltzarria izan da horretan. Irudigileak uraren kolorea erantsi dio uraren soinuari. Baina ez hori bakarrik.
Raquelek berak kontatzen duenez, ilustrazioek lehenengo pertsonan idatzitako testuarekin bat egin zezatela nahi zuen eta helburu horrekin landu zituen bereziki estiloa, kolorea eta konposizioa. Irudien bidez tristura transmititzea zuen xede; isildutako mina, itomena eta inpotentzia helaraztea. Zentzu honetan, azpimarratzekoa da koloreen indar narratzailea darabilela. Bai ondo erabili ere.
Aipatutako helburuarekin lotuta hartu zuen albumeko irudiak digitalki sortu beharrean eskuz sortzeko erabakia, berak ere irudigintzan lehenengo pertsona baliatu nahiko balu bezala. Horrexegatik erabili ditu eskuzko teknikak (ikatz-ziria eta tinta akrilikoa), lanari trazu pertsonalagoa ematen diotelakoan. Ikatz-ziria baliatu du, batetik, garai bateko zuri-beltzeko argazkiak antzeratzen dituena –Raquelek berak ere benetako argazkiak izan ditu oinarritzat albumeko zenbait irudi sortzeko–. Gainera, materiala bera ere egur adar ikaztuez egindakoa da eta, sinbolikoki, suntsitutako bizimodu bat gogorarazten du Raquelentzat. Bestetik, tinta urdina ere erabili du aurreko guztiaren kontraste gisa. Kontraste horrek ahalbidetzen omen dio irakurlearen arreta uretan fokalizatzea. Tinta akrilikoak, gainera, ura du osagaitzat, eta urdina izan ohi da tristura sinbolizatzen duen kolorea.
Hain zuzen, kolore horretakoa da Raquelek narrazioari gehitu dion pertsonaia. Testua hain irekia izanik, irudimenari hegaldatzen utzi eta pertsonaia berri bat asmatu zuen ilustratzaileak, testuan agertzen ez zen arren istorioa osa zezakeena. Hala pertsonifikatu zuen Murmur; Itoitzen uretatik sortutako silueta misteriotsua, itxura antropomorfikoa duena. Raquelen hitzetan, trauma errepresentatzen du; iraganeko mamuak.
Diseinu aldetik sinplea dela esan genezake eta kontrastea egiten du gainerako irudien errealismoarekin, emozioen munduarekin gehiago lotzen den izaera bat emanez. Protagonistari lagun egingo dio bizitza osoan eta agertu eta desagertu egiten da liburuan zehar.
Azken murmur batzuk
Album ilustratuen ezaugarri behinena da testuaren eta irudien arteko dialogoa. Kasu honetan, lau eskutara sortutako liburua da aipagai duguna eta Peru Abarka lehiaketak sormen prozesua bi urratsetan egitera bideratzen badu ere –lehenik testua saritzen da eta, bigarrenik, ilustratzailearen proiektua–, poz-pozik gaude bukaerako pausoetan behintzat elkarrekin lan egin ahal izateko aukera izan dugulako.
Maitasun handiz ondutako liburua da ‘Murmur’. Kontakizunaren gaiak gure herrian duen pisuaren jakitun, guk ere gure aletxoa jarri nahi genuen memoriaren eraikuntzan. Eta, bide batez, begirada ahalik eta zolienarekin egin nahi genuen atzerabegirakoa; hala historian zehar andreek habitatutako ez-leku ahaztuak gogoraraziz nola borrokaren inguruko iruditeria iraultzen ahaleginduz. «Kosta egiten zait ama iraganeko borroka haren parte egitea. Kosta egiten zait, eta amorrua ematen dit. Amorrua ematen dit gizonak ikusten ditudalako. Gizonak ikusten ditut prentsako argazkietan; gizonak nire barne iruditerian. Goitik beheraino estalita badaude ere, nik ezin dut gizonak ikustea ekidin».
Orain irakurleari dagokio guk lerroarteetan nahita utzitako hari-muturrei tira egitea. Baten batek abisatu digu jada liburu-dendara bila joan eta haurrentzako gunean topatu duela. Badirudi horixe dela ‘marrazki asko’ omen dauzkan liburu baten patua. Bada garaia helduok ere irudiak irakurtzen ikas dezagun.